Gizartea -

HEZKUNTZA

Hiriburuko eskola publikoan murgiltze eredua martxan jartzea onartu du Frantziak

Baste Quieta eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazioa indarrean izango da ikasturte honetan, azarotik aurrera edo. Batasunaren eta mobilizazioaren garaipentzat jo dute erabakia.

Haurrak, Ipar Euskal Herriko eskola batean. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Haurrak, Ipar Euskal Herriko eskola batean
Haurrak, Ipar Euskal Herriko eskola batean. ETBren bideo batetik ateratako irudia

EUSKADI IRRATIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiriburuko eskola publikoan (Lapurdi) euskara hutsezko esperimentazio eredua abian jartzea onartu du azkenean Frantziako Gobernuak. Uztailetik egoera blokeatuta egon ostean, azkenean murgiltze eredua martxan izango da ikasturte honetan Baste Quieta eskola publikoan.

Batasunaren eta mobilizazioaren garaipentzat jo dute erabakia euskal hautetsiek. Jean Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidentearen esanetan, erabakia oso berri ona da hizkuntza sustatzeko.

Atzo arratsaldean jakinarazi zuen berria Anne Bisagni-Faure Bordeleko akademia errektoreak, Euskararen Erakunde Publikoaren batzar nagusiaren baitan.

Bordeleko errektoreak iragarri zuenez, ez dituzte etorkizuneko esperimentazio eskaerak errefusatuko. Hala ere, eztabaida koadro berri bat eraiki nahi du Frantziako Gobernuak, baldintzak zehazteko.

Orain, ahalik eta azkarren ezarri nahi dute euskara hutsezko esperimentazioa Baste Quieta eskolan. Data zehatzez galdetuta, azaroa aipatu du Antton Kurutxarri Euskararen Erakunde Publikoko presidente berriak.

Euskararen Erakunde Publikoa instituzio gisa salbatzea lortu dutela nabarmendu du Kurutxarrik. Halaber, mobilizazioaren, batasunaren eta hautetsien lanaren saritzat jo dute azkenean Estatuak atzera egin izana.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Iparraldea albisteak Frantzia albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Hezkuntza Frantziako Gobernua