Gizartea -
Mirakontxa Pasealekuan
23 autori kalteak eragin izana leporatu diete bi adingaberi, Donostian
Auto bateko ispilua apurtu eta zati horietako batekin futbolean jolasten ari zirela atzeman zituzten bi gazteak Ertzaintzaren agenteek, hainbat lekukoren salaketak jaso eta gero.
Erredakzioa
17 urteko bi adingabe identifikatu dituzte Ertzaintzaren agenteek, Donostiako Mirakontxa Pasealekuan 20 bat autori kalteak eragin izana leporatuta. Antza autoetako atzerako ispiluak apurtu dituzte.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gertakaria atzo goizaldean jazo zen. Ertzaintzaren agenteek hainbat lekukoren salaketak jaso zituzten, bi gazte San Bartolome kaleaan eta Miramar Jauregiaren artean aparkatuta zeuden autoetan kalteak eragiten ari zirela ohartaraziz.
Auto batetako ispilua apurtu eta zati horrekin futbolean jolasten ari zirela atzeman zituen Ertzaintzak bi adingabeak eta identifikatu egin zituen.
Bi mutilak aske utzi dituzte, baina Adingabeen Fiskaltza arduratuko da gertakariaz. Ertzaintzak 23 bat autotan atzeman ditu kalteak eta kaltedunen salaketak jasotzen ari da.