Gizartea -

Gripearen txertoa

Gripearen kontrako txerto kopurua handitu egin da Euskadin

Aurtengo kanpainaren lehenengo hiru asteetan 220.825 pertsonek jaso dute txertoa, aurreko urtean baino %4,4 gehiagok.

erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Horrela eman du aditzera Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumoko kontseilari den Rafael Bengoak, gripearen kontrako txertatzearen kanpainaren inguruan eginiko balantzean.

Bengoak Donostiako Amara Berriko Osasun zentroan jaso du bere txertoa gaur eguerdian, Lierni Linazasoro anbulategi horretako zuzendaria alboan zuela. Horrelako beste hainbat ekitaldi sinboliko egin dituzte Bilbon indautxuko anbulategian eta Gazteizko Txagorritxuko ospitalean.

Urriak 10arte emandako 220.825 txertoetatik, 182.382, 65 urtetik gorako pertsonentzat izan dira, 49.826 diabetikoentzako eta 18.031 bronkitis kronikoa duten gaixoentzako.

Aurreko urteko kanpainari dagokionez, aurten %4,4 hazi da lehenengo hiru asteetan eginiko txerto kopurua, 2010ean 211.148 pertsonek jaso baitzuten txertoa. Datuak onak izan arren, oraindik ez dira 2009an izandakoak bezain onak, urte horretan baino %29.8 txerto gutxiago banatu baitira, urte horretan, lehenengo astean 286.621 banatu zirelako.

Bengoak erizainek horrelako txertaketak jasotzearen garrantzia nabarmendu du, "transmisio eramaile" bezala jokatu ez dezaten, horregaitik "ardurarekin" jokatzeko eskatu die arlo horretako profesionalei

Aurtengo kanpaina honetarako, Osakidetzak gripearen kontrako 420.000 txerto prestatu ditu. Aurreko urtean 356.922 banatu zituen, eta 2009an 405.062.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea