Gizartea -

Euskal Osasun Zerbitzua

Rosa Perez Esquerdo doktorea Osakidetzako zuzendari izendatu dute

Juan Luis Diegoren lekua hartuko du Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari berriak. Lehen arretako taldeetako zuzendaritzan eta Bilboko Basurtu ospitaleko gerentzian aritu da orain arte Perez Esquerdo.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rosa Perez Esquerdo doktorea izango da aurrerantzean Osakidetzako zuzendari nagusia, Bilboko Basurtu ospitaleko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendaritza utzita.

Juan Luis Diegoren lekua hartuko du, beraz, Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari berriak, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak zuzendutako Osakidetzako Administrazio Batzordeak hala erabaki baitu.

Osasun kudeaketaren alorrean, lehen arretako taldeak zuzendu zituen Perez Esquerdok, eta Bilboko Basurtu ospitaleko gerentzian ere aritu zen (medikuen zuzendariorde kargua zeukan bertan).

1969an Barakaldon jaioa, Rosa Perez Esquerdo Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Familia eta Komunitateko Medikuntza espezialitatea aukeratu zuen.

Gainera, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan gerontologia masterra egin zuen, eta Deusto Business Schoolen osasun kudeaketan oinarritutako masterra.

Geroago, Bartzelonako hainbat osasun zentrotan eta Bilboko San Inazio auzoko zentroan egin zuen lan.

Osakidetzako Administrazio Kontseilua Gasteizen bildu da gaur. Juan Diegok egindako lana nabarmendu ostean, "pandemiari erantzuna emateko une erabakigarria" bizi dugula adierazi dute Administrazio Kontseiluko ordezkariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza EAE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak