Gizartea -

Marta del Castillo auzia

Carcañoren ustezko hiru konplizeek euren parte hartzea ukatu dute

Samuel Benitez Martaren hilketaren ustezko konplizeak neskatoaren gorpua non dagoen ez dakiela erantzun du. Carcañoren anaiak eta bere neskak ere ukatu egin dute gorpua ezkutatzen lagundu izana.

Samuel Benitez, Carcañoren laguna eta ustezko konplizea. Argazkia: EFE
Samuel Benitez, Carcañoren laguna eta ustezko konplizea. Argazkia: EFE
Euren partehartzea ukatu dute Samuelek eta Carcañoren anaiak

01:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Samuel Benitez, Marta del Castilloren auzian akusatuta dauden lau kideetako batek deklaratu du epaiketako gaurko saioan. 2009ko urtarrilaren 24ean, Martaren hilketa jazo zen egunean, Leon XIIIko etxebizitzan ez zela egon adierazi du Benitezek eta ukatu egin du egun horretan Miguel Carcañoren dei bat jaso izana, "marroi handi bat" zuela esanez.

Martaren desagerpenaren berria lagun batek eman ziola ziurtatu du eta hark esan ziola bere bila ari zirela.

Marta del Castilloren hilketa dela eta Sevillako Auzitegian egiten ari diren epaiketan deklaratu du gaur Samuel Benitezek. Atzo, berriz, Miguel Carcaño bere burua hiltzailetzat aitortu duen gazteak deklaratu zuen. 2009ko urtarrilaren 29an jazo zen hilketaren inguruan egindako galderei lasaitasunez erantzun die Benitezek.

Halaber, Benitezek Marta del Castilloren gorpua non dagoen ez dakiela azaldu du. Guadalquivir ibaian ustez Martaren gorpua bota zuten gunea Poliziak presio egin ziolako seinalatu zuela adierazi du Benitezek.

Eta lehen aitortza "indarkeria erabilita, mehatxupean eta bularraldean kolpeak jasoz" egin zuela adierazi du Benitezek.

Carcañoren anaiak bere parte-hartzea ukatu du

Francisco Javier Delgado, Miguel Carcaño Marta del castillo hil zuela aitortu duen gaztearen anaiak ere deklaratu du gaurko saioan. Neskatoaren gorpua ezkutatzen lagundu izana ukatu du Delgadok.

Epaiketa jarraitzen duen epaimahaiaren aurrean deklaratu duenez, ez zuen gorpua manta edota alfombra batean biltzen lagundu, eta Leon XIIIko etxebizitzara goizaldeko 03:00k aldera joan zela azpimarratu du. Bertan ez zegoela garbi usainik erantzun du eta ez zuela ezer arrarorik sumatu.

Maria Garcia: "ez nuen ezer entzun"

Halaber, ez zuela ezer entzun adierazi du, ezta Martaren lagunak ere, goizaldeko 02:15etan ingurura bertaratu ziren neska gaztea bilatzeko.

"Ziurtasun osoz" bere burua Martaren hiltzailetzat aitortu duen gaztea ere ez zuela ikusi azaldu du Garciak. Eta Martaren gorpua ezkutatzen lagundu izana ukatu du.

Gaur epaiketako hirugarren saioa izan da, datorren astelehenean ekingo zaio, berriro, epaiketari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea