Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Orive: "Orain ezin gara azkar joan. Ezin dugu lehengo akatsa berriro egin"

EITB.EUS

ETBn egindako elkarrizketan, EHUko Farmazia Fakultateko irakasleak nabarmendu du gaur egun bizi dugun egoera udan lehenengo olatuaren deseskalatze prozesua modu egokian ez egiteagatik etorri dela.

1:23
Gorka Orive EHUko Farmazia Fakultateko irakaslea. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agintari politikoek COVID-19aren hedapenari aurre egiteko neurriak ezartzen dituzten arren, pandemiaren tamainari buruzko kontzientzia argia ez badago eta herritar bakoitzak ez baditu norbera babesteko neurri pertsonalak hartzen, ezinezkoa izango da arazo hau konpontzea. Horregatik, pedagogia funtsezkoa da herritarrak oso nekatuta dauden testuinguru honetan. Agintari politikoen erantzukizuna da informazio argia eta gardena helaraztea.

Horiek dira Gorka Orive EHUko Farmazia Fakultateko irakasleak eta ikerlariak bota dituen mezuak, ETBko zerbitzu informatiboei eskainitako elkarrizketan. Hona laburpen bat:

 ·         Egungo egoeraren analisia

Gure gaurko egoera ez da ona. Intzidentzia tasa oso altua da Euskadi osoan, eta egoera txar horren aurrean, orain, neurri batzuk hartu dira. Neurriak gogorrak dira, baina inguruko beste herrialde batzuetan hartu dituztenekin alderatuta, gogorragoak izan daitezke. Hemendik bi edo hiru astera ikusiko ditugu neurri hauen emaitzak, eta horiek erakutsiko digute neurri zorrotzagoak ezarri behar diren edota hauekin ondo goazen.

·         Zergatik heldu gara puntu honetara?

Hasteko, pandemia egoera batean gaude eta oso kutsakorra den birus baten aurrean gaude. Goiko arnasbideak kaltetzeko ahalmen handia duen birus bat da, eta hori kritikoa da birusa kutsatzeko eta transmititzeko orduan. Bigarrenez, logikoki, uda txarra izan dugula esan behar da. Ez dugu deseskalatze prozesua modu egokian egin, oso azkar egin dugu, eta horrek eragin du ezin mantentzea maila baxuetan udako kutsatze kopuruak. Abuztuan ia 800 kasu izan genituen egun bakar batean. Beraz, egoera txar batetik abiatu gara.

Neurriak hartu dira, baina beti da posiblea neurri gehiago hartzea. Zalantzarik gabe, ahalegin handia egiten ari da PCR probak egiteko, baina ezin dugu ahaztu, neurriei dagokienez, ezin dugula semaforoa gorri egon arte itxaron.

Zentzu horretan, herritarrek ere badute erantzukizun indibiduala eta kolektiboa. Pandemiak guztiok eragiten gaitu, agintariei zein herritarrei. Beharrezkoa da mundu guztia honen jakitun izatea: neurriak egon arren, nik ez badut nire burua babesteko neurririk hartzen, ezinezkoa izango da hau konpontzea.

·         Neurrien egokitasuna eta eraginkortasuna

Martxotik hona krisi honek zerbait irakatsi badigu zer da: neurriak lehenago hartzen, murrizketak lehenago ezartzen dituena egoera hobeto kontrolatzen duena da. Hau da, birusak aurrea hartzea ekiditen saiatzen dena da gero emaitza hobeak dituena. Hemen hartu diren neurrien gaineko galdera hurrengoa da: Kutsatzeen argazkiari dagokionez neurri egokiak dira? Niri, pertsonalki, agintariek informazio hori pedagogikoki transmititzea gustatuko litzaidake. Zergatik hartu dira neurri hauek eta ez beste batzuk?

Beste galdera litzateke neurriak egokiak diren denboran zehar, norbaitek pentsatu baitezake neurri hauek semaforoa horiz zegoenean hartu ahalko zirela, eta ez gorriz dagoenean. Pandemiak utzi digun beste lezioetako bat da. Orain ezin gara arin ibili, ezin ditugu epe motzean helburuak ezarri. Aurrekoan ikusi genuen, oso konfinamendu eraginkor batekin, baina oso mingarria zentzu askotan. Ezin dugu akats bera errepikatu.

 ·         Mezua Gabonetara begira

Pandemia baten barruko Gabonak izango dira. Arnas birus bat oinarri duen osasun krisi batean gaude eta, beraz, harreman sozialak ekidin behar dira, ahal den heinean.

Batzuentzat mingarria izango den arren, Gabon kontrolatuak izan beharko dira, eta burbuila txikietan igaro beharko ditugu, neurri guztiekin: musukoa, eskuak garbitzea eta distantzia. Horrekin, espero dezagun datorren urteari modu hobean ekitea. Ziur aski, lehenengo txertoak ikusi ditugun urtea izango da.

·         Zer ikasi dugu?

Asko ikasi dugu azken hilabeteetan, maila zientifikoan eta maila sozialean. Birusaren eta gaixotasunaren inguruan gehiago dakigu orain, baita transmisio bideen inguruan ere. Eta arrisku puntuak non dauden ere lehen baino hobeto dakigu. Oso argi daukagu ingurune itxiko birusa dela. 

Txertoari eta medikazioaren inguruan ere asko ikasi dugu. Entsegu kliniko asko jarri dira martxan denbora oso laburrean eta zoritxarrez, oraindik, sendagai asko ez dugu. Medikuntzan asko erabili den dexametasona botikak bakarrik eman ditu emaitza eraginkorrak koronabirusaren aurrean; hainbat gaixo salbatu ditu. 

Azken hilabeteotan ikusi dugu pandemiari aurre egiteko erabili diren estrategia ezberdinek emaitza ezberdinak eman dituztela; jendearen mugimendu eta harremanak guztiz eteten badira, infekzio iturria jaitsi egiten da. 

Ikusi da, baita, zenbait herrialdek, Hego Koreak edota Japoniak, esaterako, birusa errotik desagerrarazteko ahaleginak egin dituztela, neurri eta kontzientzia lan oso zorrotzekin. Emaitza oso onak lortu dituzte. Beste herrialde batzuetan, Europako gehienetan eta Estatu Batuetan, egin den aukera beste bat izan da: birusarekin elkarbizitzen egotea. Bigarren aukera honek emaitza txarragoak eman ditu.

·        Etorkizun hurbila

Zaila da zer etorriko den jakitea. Argi dagoena da oso egoera txar batetik abiatuko garela, gure egoera adierazten duen semaforo bat dugun arren, ezin dugu ahaztu semaforo hori gure neurrira eginda dagoela. Helburua litzateke semaforoaren parametroak jaistea, adibidez, gorria 100.000 biztanleko 50 kasuetara. Gaur egun ditugun datuekin, gauzak txarrera badoaz, uste dut berehala agertuko dela etxeko konfinamenduaren mamua. Ez dakit orokorra, partziala ala asimetrikoa izango den. Herrialde batzuetan erabaki hori hartu dute bigarren olatu honetan. 

Edozein kasutan, oso garrantzitsua iruditzen zait, konfinamendua bezalako neurri handi bat hartu behar badugu, dena pedagogiaz eta gardentasunez egitea. Garrantzitsua azaltzea zergatik eskatzen diguten ahalegin gehigarri hau. Letra txiki gutxia azaltzea zaila izango den egoera bat izango da. 

Oso egoera aldakor batean gaude, eta herritarrak oso nekatuta daude. Gutako bakoitzak pentsatu behar duena da nola moldatu dezaket nire bizitza testuinguru honetara eta kutsatzeko aukerak gutxitzea. Gutxitzea izan daiteke, adibidez, espazio irekiak bultzatzea eta itxiak ekiditea. 

Argi dago gaur egungo kutsatze mailarekin, hemendik bi astera ospitaleratzeek gora egingo dutela. Ikusiko dugu kutsatzeak murrizteko gai garen.

·         Txertoa

Txertoa izango dugu, inolako zalantzarik gabe. 300 bat hautagai edo txerto-aukera lantzen ari dira mundu osoko laborategietan, eta horietatik 30-45 inguru entsegu klinikoetan daude, eta 10, jada, 3. fasean.  Urtea amaitzerako baliteke txertoa izatea. Hain denbora laburrean, txerto baten inguruan horrelako emaitzak izatea izugarria da. 

Baina, orain, txertoak izango ditugunez, oso inportantea da mezu egokiak helaraztea biztanleei: zer den txertoa, zertarako den, zer espero beharko dugun txerto honengandik… Askok, akaso, pentsatuko dute txertoa iristen denean dena konponduko dela, hau da, musukoak kendu eta lehengo bizitza errekuperatuko dutela. Ez da horrela. 

Txertoak ez du desagerraraziko infektatzeko arriskua. Ahalbidetuko du infektatu den pertsona horren sintomatologia arintzea. 

Txertoari buruz inportantea da esatea ez direla % 100 eraginkorrak. Gutxi gorabehera, 10etik 7k lortuko dute immunitatea eta 3k, agian, ez. Hori esan egin behar da. 

Eta noski, esan behar da, baita ere, merkaturatuko diren txerto guztiak oso seguruak eta eraginkorrak izango direla. Izen handiko laborategiak ari dira txerto horiek garatzen, eta erregulazio prozesu zorrotzak pasatu behar dituzte merkaturatu aurretik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena