Gizartea -
KORONABIRUSA
Osakidetzak PCR proba masiboak egingo ditu Eibarren eta Basaurin
Baheketa ostiral honetan jarriko dute abian Basaurin, eta astelehenetik aurrera Eibarren. PCR probak 13 eta 40 urte arteko herritarrei zuzenduta daude eta hitzordua hartzea derrigorrezkoa da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osakidetzak COVID-19aren positiboak detektatzeko PCR probak egingo dizkie Eibarko eta Basauriko 13 eta 40 urte bitarteko herritar guztiei, herri horietan koronabirusaren hedapena geldiarazteko asmoz.
Eibarren, 13 eta 40 urte bitarteko bizilagun guztiek eskatu behar dute PCR probak egiteko hitzordua. Horretarako, herritarrek 943 03 26 44 telefonora deitu beharko dute ostiral honetatik aurrera.
Baheketa datorren asteko astelehenetik ostiralera egingo dute, 15:00etatik 19:00etara, Eibar ospitalean, Osakidetzak zehaztu duenez.
Basaurin ere ezinbestekoa izango da hitzordua hartzea udalerri horretako edozein osasun zentrora deituta. Alabaina, 13 eta 18 urte arteko ikasleen kasuan, ikastetxeak arduratutako dira eskaria egiteaz eta haiek esango diete noiz eta non egin behar duten proba.
Ostiral honetan, 16:00etan, hasiko dira testak egiten Jubilatuaren Etxean, Arizgoitin, Sozial Antzokiaren ondoan. Gutxienez bost egunez arituko dira probak egiten eta beharrizanen arabera gehiago luzatzeko aukera aztertuko dute.
Eibarrek, Gipuzkoako herri populatuenetako bat da eta 1.758,06 kutsatze-tasa metatua du 100.000 biztanleko azken 14 egunetan, azken astean 228 positibo zenbatu ondoren egingo dute baheketa. Basaurin, berriz, 611 kasu antzeman dituzte 100.000 biztanleko ostegun honetan.