Gizartea -

KORONABULOAK

Osasuneko 4 profesionaletik 3k gezurtatu behar izan dituzte COVID-19aren buloak

Osasuneko Buloen III. Azterketaren arabera, osasun langileen % 92k uste dute pandemiak albiste faltsuen hazkundea eragin duela, eta % 44k uste dute WhatsApp dela hauek hedatzeko kanal nagusia.

Osasun langilea. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
Osasun langilea.
Osasun langilea. EITBren bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun langileen % 92,4k uste dute pandemiak koronabirusari buruzko bulo gehiago eragin dituela, eta lautik hiruk adierazi dute pazienteek albiste faltsuei buruz dituzten zalantzak argitu behar izan dituztela. WhatsApp da bulo hauen hedapenerako kanal nagusia, #SaludSinBulos Institutuak eta Doctoraliak egindako COVID-19 Osasuneko Buloen III. Azterketaren arabera.

Inkestari erantzun dioten 327 profesionalen % 44ren ustez, berehalako mezularitzako aplikazioa da COVID-19ari buruzko albiste faltsuak zabaltzeko bide nagusia. Ondoren, sare sozialak (% 35), telebista (% 8) eta Internet (% 7) kokatu dituzte.

#SaludSinBulos ekimearen koordinatzaile Carlos Mateosek azaldu duenez, COVID-19ak eragindako egoerak "aurrekaririk gabeko infodemia" ekarri du, "buloak gehiago eta azkarrago partekatu dira komunikazio digitaleko kanal guztien bidez". Mateosen arabera, konfinamenduaren lehen asteetan, #SaludSinBulos ekimenaren jarraitzaileen kontsultak ugaritu egin ziren, eta bigarren olatu honetan buloen gorakada atzeman dute.

Horrelako albiste faltsuak gizartean eragina izaten ari dira. Doktoraliaren sortzaile Frederic Llodachs doktorearen hitzetan, txertaketa-tasak behera egin du herrialde batzuetan, eta buloek osasun-sisteman izan dezaketen eraginaren beldur da.

Txostenaren emaitzak

Txostenaren arabera, formatu digitalak erabiltzen dira gehien buloak zabaltzeko. Fake news edo albiste faltsuak Interneteko artikuluen (% 33), bideo formatuen (% 17) eta argazki edo fotomuntaketen (% 13) bidez zabaltzen dira.

Espezialisten ustez, birusaren jatorria (% 55), txertoak (% 36) eta gaixotasunaren tratamendua (% 35) izan dira gezur gehien eragin dituzten gaiak.

Neurri txikiagoan, COVID-19aren prebentzioa, heriotza tasa, kutsatu eta sendatuen kopurua, eta gaixotasunaren sintomak hizpide zituzten albiste faltsuak aurkitu dituzte adituek.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
WhatsApp Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Albiste faltsuak Erizaintza Koronabirusa