Gizartea -
Miarritzen eta Donostian
Olatuak babesteko nazioarteko biltzarra, Euskal Herrian
Gaur hasi eta bihar amaituko den konferentziaren helburua itsasoa babesteko estrategia eta tekniken inguruan hausnartzea izango da.
Erredakzioa
Donostia 2016 eta Surfirder Foundation elkarteak 'Global Wave Conference' izeneko biltzarra antolatu dute. Konferentzia gaur eta bihar egingo da Miarritzen eta Donostian, eta itsaso babesteko estrategia eta tekniken inguruan gogoeta egitea izango du helburutzat.
Publikoarentzat ateak irekita izango dituen biltzarrean olatuen balioaz eztabaidatuko da, izan ere, olatuak hainbat mehatxuren pean daude. Kostaldearen zati bati kalterik ez egiteko, olatuen aurkako horma handiak eraiki dira eta elektrizitatea sortzeko olatuen energiaren zati bat "bideratu" egiten da. Horrelako neurriek itsasoan ze eragin duten aztertuko dute, besteak beste.
Bestalde, antolatzaileen arabera, Donostia 2016an Europako Kulturaren hiriburu izateko olatuek duten garrantzia azpimarratu dute, izan ere, leloa ondokoa da: 'Herritar Energiaren Olatuak'.
'Global Wave Conference' biltzarra astelehen honetan hasiko da Miarritzeko Le Bellevue aretoan; asteartean, berriz, Donostiako Kursaalera egingo du salto. Eztabaidak eta hitzaldiak 09:00etan hasiko dira eta arratsaldeko 18:00ak arte luzatuko dira.