Gizartea -

Euskal Irrati Telebista

EITBren aurrekontua 11,9 milioi euro murriztuko da 2012an

Halaber, ETBk definizio altuko emanaldiak hasiko ditu urte amaieran Euskaltelen kable bidez.

EITBren logotipoa. Argazkia: EITB
EITBren logotipoa. Argazkia: EITB
EITBren logotipoa. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EITB Taldeak 2012. urterako duen gastu aurrekontua 11,9 milioi euro murriztuko da 2011koarekin alderatuz. Bide batez, inbertsioei dagokien aurrekontutik beste bi milioi gutxituko ditu. Honenbestez, Taldearen ustiapen aurrekontua 177,5 milioi eurotik 165,6 milioira pasatuko da eta inbertsioei dagokiena 10 milioitik 8ra.

Gastuen aurrekontua (Ustiapena) 11,9 milioi euro murriztearen arrazoiak bi dira. Batetik, Kultura Sailaren diru laguntza 134,1 milioi eurotik 123,9ra gutxitu da. Bestetik, berezko diru sarrerak 31,1 milioi izango zirela aurreikusi zen 2011rako eta 2012an 28,2 milioi izango direla zehaztu da.

Eusko Jaurlaritzaren 2012ko aurrekontuen ildo nagusietara egokitu behar du EITB Taldeak eta horren ondorioa da ustiapenerako diru laguntzaren 10,2 milioiko murrizketa.

Berezko diru sarrerak 2,9 milioi eurotan murriztea Estatuko publizitate merkatuan bizi den beheranzko joeraren eragina da, bereziki telebistari dagokionez. Gaur egun, %9ko jaitsiera izan da iazkoarekin alderatuta.

Definizio Altuko ETB urte amaierarako

Kapital aurrekontua 2 milioi eurotan murriztuko da, 10 milioitik 8ra, baina honek ez du eragingo Definizio Altuko telebistaren ezartze prozesuan.

2011. urtean emandako pausoen ostean, urte amaieran Definizio Altuan emititu ahal izateko edukiak biltzen hasiko dira, hainbat kanpo ekoizpen formatu berean jasoko dituzte, baita zenbait ekitalditako seinaleak (zuzenean edo aurrez grabatuta) ere, Txapeldunen Liga edo Euroliga esaterako. Definizio Altuko teknologiaz hornitutako unitate ibiltari bat ere prest izango da barne edukiak ekoizteko.

Beraz, 2011 urte amaierarako Definizio Altuko emisioak hasteko prest izango da EITB. Euskaltelen kable bidez hedatuko da ETB HD kanala hain juxtu. Ondoren, 2012an zehar, Lurreko Telebista Digitalaren bidezko emisioa prest izango da EAEko hiruburuetarako eta inguruko lurraldeetarako, lehenengoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea