Gizartea -

Koronabirus

Osakidetzak ez du ikusten "ohiz kanpoko egoerarik" ospitaleetako agerraldiengatik

Osasun arloko profesionalen arteko kutsatzeak gizarte osoan dagoen transmisio komunitarioaren proportzioko zerbait dela azaldu du Garitanok.

Ignacio Garitano Osakidetzaren Kontrol eta Zaintza Programako koordinatzailea. Argazkia: Efe
Ignacio Garitano Osakidetzaren Kontrol eta Zaintza Programako koordinatzailea. Argazkia: Efe
Ignacio Garitano Osakidetzaren Kontrol eta Zaintza Programako koordinatzailea. Argazkia: Efe

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ignacio Garitano Osakidetzaren eta Osasun Sailaren Kontrol eta Zaintza Programako koordinatzaileak esan du ez dutela "ohiz kanpoko egoera" kezkagarririk ikusten hainbat ospitaletako osasun langileen artean COVID-19 agerraldiak antzeman dituztelako. Sindikatuen arabera 200 profesional inguru egon daitezke kutsatuta.

Garitanok hedabideen aurrean egindako agerraldian Donostialdeko ESIak bizi duen egoerari buruz hitz egin du, baita Bizkaiko Basurto eta Gorliz ospitaleei buruz ere.

Gipuzkoako osasun zentroaren kasuan, Garitanok ukatu egin du agerraldi bakar bat izan denik. Azken asteotan 135 profesional kutsatu direla zabaldu dute sindikatuek.

Garitanok azaldu duenez, egoera hori normala da milaka langile dituen erakunde batean, 7.000 Donostialdean. Langile horiek gizartearen parte direla gogorarazi du, eta, hala, COVID-19arekin kutsatzeko arriskua dutela.

Agerraldiak izan dituzten beste ospitaleei dagokienez, Gorlizen (sindikatuen arabera, 40 langile eta 30 gaixo egon daitezke kutsatuta) positibo eman duen gaixoetako bat hil egin da.

Basurtukoan, dialisi-unitatean, dozena bat positibo diagnostikatu omen dituzte profesionalen artean, baina Garitanok ziurtatu du langileak eta pazienteak babesteko beharrezko neurri guztiak hartu dituztela, eta “ohiko” zerbitzua eskaintzen ari direla jada.

Bestalde, Arrasateko Aita Menni ospitalean ere agerraldi baten izan dela jakinarazi du. 30 gaixo eta 9 langile kutsatu dira bertan.

Osasun arloko profesionalen arteko kutsatzeak gizarte osoan dagoen transmisio komunitarioaren proportzioko zerbait dela azaldu du, eta onartu du osasun langile ugari isolatuta izateak sistema "apur bat tenkatzea" eragin dezakeela.

Kutsatzeak "moteltzen"

Garitanok esan du COVID-19aren kutsatzeak "moteltzen" ari direla, eta "adierazleek goi-lautada fase batera gerturatzen ari garela pentsarazten" dutela.

Lakuan emandako prentsaurrekoan azpimarratu duenez, badirudi murrizketa neurriek "emaitza ona" eman dezaketela, baina "datozen egunak giltzarri izango dira".

Hori dela eta, "zuhurtzia" eta "jokabide arduratsua" eskatu du, zeren "pertsonen jokabidea da kutsatzeak eragiten dituena".

9.221 positibo astebetean

Garitanok azaroaren 2tik 8ra bitartean 97.384 proba diagnostiko egin eta 9.221 positibo atzeman dituztela azaldu du.

COVID-19aren kasu berri gehienak Bizkaian (4.094 positibo) eta Gipuzkoan (4.024) izan ziren, eta Araban, berriz, 906.

Azaroaren 2tik 8ra 73 pertsona hil ziren koronabirusaren ondorioz. Gainera, azaroaren 8an, intzidentzia-tasa metatua 810,78 kasukoa zen 100.000 biztanleko, eta orain 845,15 kasukoa da.

Gaur egun, EAEn 14.029 pertsonak omen dute koronabirusa, eta prebentziozko isolamenduan dauden pertsonen kopuruak laukoiztu egiten du kopuru hori. 3 eta 16 urte bitarteko pertsonen artean, 1.835 pertsona daude kutsatuta, eta 4.076 isolatuta prebentzio-arrazoiengatik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa