Gizartea -

Polizia operazioa

16 pertsona atxilotu dituzte Bizkaian Wallapopen bidez iruzurrak egiteagatik

Iruzurgileek produktu garestiak bilatzen zituzten, teknologikoak batez ere. Behin jasota, Wallapopena zirudien mezu elektroniko bat helarazten zieten biktimei ordainketa egina zegoela esanez.

Salaketa ugari aurkeztu dituzte, Poliziaren arabera. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Wallapopen erabiltzaile bat bota batzuk begiratzen.
Salaketa ugari aurkeztu dituzte, Poliziaren arabera. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak 16 pertsona atxilotu ditu Bizkaian, Wallapop bigarren eskuko produktuak salatzeko eta erosteko plataformaren bidez iruzurra egin dutelakoan. Espainiako Estatu osoan daude biktimak, eta ikerketa zabalik dagoenez, ez dute baztertu atxiloketa gehiago egitea.

Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez, atxiloketak urriaren 27, 28 eta 29an egin zituzten Bizkaian.

Besteak beste, Toledoko, Zaragozako eta Madrilgo erabiltzaileek aurkeztutako salaketa ugariren ondorioz abiatu zuten ikerketa.

Egiaztatu ahal izan dutenez, atxilotutakoek "gaizkile talde egituratu eta egonkorra" osatzen zuten. Produktu garestiak topatzen zituzten plataforman, bereziki teknologikoak, baina baita patinete elektronikoak edo bizikletak ere.

Iruzurgileek saltzaileekin jartzen ziren harremanetan, aurrena Wallapopen, eta gero WhatsApp bidez. Erosleak zirela simulatzeko, gaizkile sarearekin inongo harremanik ez zuten benetako pertsonen telefonoak edo nortasunak zerabiltzaten.

Iruzur bikoitza

Produktua bidali ostean, saltzaileak Wallapopena zirudien ordainketa pasagunearen helbidearekin mezu bat jasotzen zuen, eta bertan transferentzia egina zegoela jakinarazten zioten (zinez ez zen horrela). Are, kasu batzuetan, sareko arazo bat argudiatuta, transferentzian akats bat egon zela ohartarazten zioten saltzaileari, eta hitzartutako dirua baino gehiago jaso zuela esanez.

Prezio ezberdintasuna itzultzeko eskatzen zioten biktimari, bigarrenez iruzurra eginez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia EAE Delituak Iruzurrak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Internet