Gizartea -
Sutea
60 urteko gizon bat zauritu da Iruñean, kea arnastuta
Gizona anbulantzian eraman dute Nafarroako Ospitale Gunera, baina ez da larri zauritu. Sutea Santa Marta kalean piztu da.
Agentziak | Erredakzioa
60 urteko gizon bat intoxikatu da Iruñean, bere etxebizitzak su hartu ondoren kea arnastuta. Sua Santa Marta kalean piztu da. Biktima anbulantzian eraman dute Nafarroako Ospitale Gunera, baina ez da larri zauritu.
Foru Gobernuak jakitera eman duenez, Nafarroako larrialdi zerbitzuek 14:26 aldera sutearen berri izan dute. Gertuko etxebizitzetako bizilagunek deitu diete, Santa Marta kaleko etxebizitza barruan sugarrak ikusi dituztelako.
Cordovillako suhiltzaileak bertaratu dira. Ponpa eta kamioi eskala eraman dituzte suhiltzaileek, baina azkena ez dute erabili.
Suak logela bati eragin dio batez ere. Suteak kalte handiak utzi ditu bertan, altzari zein tresnetan. Keak eta kedarrak etxebizitza osoa belztu dute. Era berean, keak eskailerak hartu ditu.
Horregatik, bizilagunei etxean egoteko eskatu diete, suhiltzaileek sua itzali eta etxebizitza aireztatu arte. Ondoren egindako azterketek karbono monoxido maila normalak neurtu dituzte etxebizitza bakoitzean.
Iruñeko Udaltzaingoak kalea itxi eta zirkulazioa antolatu du. Sutearen arrazoiak ikertzeko ardura hartu dute udaltzainek.