Gizartea -
EPAIA
Bezero bati 100.000 euro itzultzera kondenatu dute Popular bankua
Donostiako epaitegiak emandako epaiaren arabera, "okerra" eta "akatsa" egon zen bezeroak finantza erakundeari emandako baimenean. 2017an Santanderrek erosi zuen Popular bankua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako epaitegi batek Popular bankua zigortu du eta, horrenbestez, 100.000 euro itzuli beharko dizkio inbertitzaile bati.
Donostiako Bigarren Instantziako Epaitegiko 2. Aretoak arriskuko inbertsio operazioa bertan behera utzi du, bezeroak finantza erakundeari emandako baimenean "okerra" eta "akatsa" egon zela iritzita. 2017an Santanderrek erosi zuen Popular bankua eta, beraz, hari dagokio dirua itzultzea orain.
Horrela, epaitegiak bankua behartzen du kaltetuari dagozkion legezko interesak, gastuak eta komisioak ordaintzera. Bezeroak, bere aldetik, bankuari itzuli beharko dizkio erositako akzioak.
Epaiketan bezeroak azaldu zuenez, "finantza mundutik kanpoko" pertsona bat da, inbertsioen munduan esperientziarik ez duena eta "kontserbatzailea".
Inbertitzailearen esanetan, 2010eko azaroan 100.000 euro jarri zituen arrisku kapitaleko sozietate baten akzioetan inbertitzeko (Sicar), eta, 2011tik 2019ra, Popular bankuak "kopuru batzuk atera zituen", "baimenik gabe", harik eta "likidatu eta hutsean utzi arte ".
Bere aldetik, banketxeak adierazi zuen kontratua etetea "eskatzeko epea iraungita zegoela". Horrez gain, azpimarratu zuen arriskuko inbertsioa zela behar bezala jakinarazi ziola bezeroari.
Epaileak bezeroaren argudioak bere egin ditu, epaian. Ildo horretan, inbertitzaileak kontratua eteteko eskaera epe barruan egin zuela ebatzi du.
Hala eta guztiz ere, epaia ez da irmoa eta helegitea aurkezteko aukera izango dute aldeek orain.