Gizartea -

EPAIA

Adingabe bati sexu abusuak egiteagatik kondenatutako gizon bat absolbitu dute

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du aurrez ezarria zioten zortzi urteko kartzela zigorra, abusuak egiaztatu gabe daudela eta biktimak koherentzia falta erakutsi duela iritzita.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak adingabe bati sexu abusuak egiteagatik kondenatutako 57 urteko gizon bat absolbitu du, salatutako delituak egiaztatu gabe daudela eta biktimak erakutsitako "koherentzia faltak" zalantzak eragiten dituela iritzita.

Adingabearen amak 2017ko otsailaren 19an jarritako salaketaren arabera, hiru aldiz gertatu ziren abusuak auzipetuak Erriberako udalerri batean duen etxebizitzan. Egun batzuk lehenagora arte, auzipetua eta biktimaren ama bikote izan ziren.

Nafarroako Auzitegiak zortzi urteko kartzela zigorra eta bost urteko zaintzapeko askatasuna ezarri zion. Horrez gain, bost urtean biktimarengana gerturatzea eta berarekin harremanetan jartzea debekatu zion. Halaber, 12.000 euroko kalteordaina ematera zigortu zuen.

Auzipetuaren defentsak helegitea jarri zuen eta bi arrazoi nagusi aipatu zituen: batetik, peritu psikiatriko bat egiteari uko egin ziotela; bestetik, errugabetasun presuntzioa urratu zela. Defentsa abokatuaren esanetan, salatutako gertaerak frogatutako egitatetzat jo ziren, frobarik izan gabe eta salatzailearen deklarazioa soilik kontuan hartuta.

Orain, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratuek adierazi dute defentsak aipaturiko proba egin zela eta "zuzenbidearen araberakoa" dela. Horren harira, instrukzio fasean adingabearen "sinesgarritasunari" buruzko bi peritu txosten egin ziren, defentsak hala eskatuta eta hura aurrean zela, eta hirugarrena Auzitegiak nahi moduan egin zen.

Magistratuek ez dute ulertzen zergatik ez zuen biktimak salaketa jarri bi egun igaro arte eta zergatik ez zioten azterketa ginekologikoa egin. Epaileen esanetan, DNA zantzuak aurki zitezkeen neskatoaren gorputzean edo barruko arropan.

Bestalde, magistratuek azpimarratu dute adingabeak ez zuela lortu abusuak denboran kokatzea. Ez hori bakarrik, elkarri WhatsApp bidez bidali zizkioten mezuak nabarmendu dituzte, kopuruagatik, maiztasunagatik eta edukiagatik. 2016ko urriaren 3tik (lehen erasoa gertatu eta bi hilabetera) eta 2017ko otsailaren 18ra bitartean (salaketa aurkeztu eta hurrengo egunean), neskatoak eta akusatuak 6.000 mezu inguru bidali zizkioten elkarri, "eta hori aztertzen den ikuspuntutik aztertzen dela, ez da ohikoa".

Era berean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak mezu horien edukia aipatu du, eta adierazi du mezu horiek aita eta 13 urteko alaba orok elkarri bidali ahal dizkioten mezuak direla. Gaineratu duenez, elkarrizketa guztiak neskatoak hasi zituen. 

Hori dela eta, Auzitegiak ondorioztatu du adingabearen deklarazioak eta datuek "nahikoa zalantza" sortzen dituztela. Ildo horretan, uste du auzipetua zigortuz gero haren errugabetasun presuntzioa urratuko litzakeela. Dena dela, argitu du horrek ez duela esan nahi adingabea gezurretan ari denik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Epaiketak bideoak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Letraduen albisteak Mundu matxista Sexu erasoak Nafarroako Auzitegi Nagusia gaur