Gizartea -
Burgos
Guardia Zibilak Merindadeetako osteopataren zazpi biktima gehiago aurkitu ditu
Masaje saioetan ukitu intimoak jasan zituztela salatu dituzten emakumeak hamabi dira jada (biktimetako batzuk bizkaitarrak dira), eta bik bortxaketa salatu zuten.
EITB.EUS
Guardia Zibilak Namasté operazioaren barruan egindako ikerketari esker, zazpi biktima berri aurkitu dituzte. Emakume horiek Merindadeak Burgos ipar-ekialdeko eskualdean atxilotutako osteopataren sexu-abusuak jasan zituzten. Ondorioz, hamabi dira jada haren biktimak, eta horietako bik bortxaketa salatu zuten.
Guardia Zibileko ikertzaileen ustez, biktima gehiago ager daitezke oraindik, eta gertatutakoa salatzeko eskatu diete horrelakoak jasan dituztenei. Salaketa jarri zuten lehen biktimak Bartzelonan, Bizkaian eta Burgosen bizi dira, eta 46 eta 59 urte bitartean dituzte. Azkenak, berriz, 31 eta 63 urte artean zituzten, eta Castelló, Soria eta Bizkaia aldetik joandakoak ziren.
Otsailean azaleratu ziren lehen kasuak, orduan salatu baitzuen emakume batek masaje saio batean "ukitu intimoak" egin zizkiola akusatuak. Horrela zenbait gaitz arinduko zizkiola esan omen zion bezeroari.
Ikerketak beste lau kasu azaleratu ondoren, osteopataren kontsultategia eta etxea miatu zituzten eta "dokumentazio baliotsua" atzeman zuten. Horri esker, ustezko egilea atxilotu eta behin-behinean espetxean sartzeko agindu zuen epaileak, fidantzarik gabe.
Salatutako abusuetako batzuk 2016 urtearen amaieran gertatu ziren, eta 2017an, 2018an eta 2019an gehiago izan ziren. Sexu-abusuak salatu dituzten biktima guztiek baimenik gabe egindako “ukitu intimoak” salatu dituzte. Guardia Zibilaren arabera, "bereziki garrantzitsua" da bi emakumek egindako salaketa, saio horietan akusatuak bortxatu egin zituela salatu baitute.