Gizartea -

Koronabirusa

Lurralde arteko lantalde batek adostuko ditu Gabonetarako neurriak

Mahai horretan egongo dira Espainiako Gobernua eta erkidegoak, abenduko zubirako eta Gabonetarako aholku sorta bat adosteko.

Iruñeko taberna bat. Argazkia: Efe
Iruñeko taberna bat. Argazkia: Efe
Iruñeko taberna bat. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak iragarri du Gobernuak eta erkidegoek lantalde bat osatuko dutela hurrengo Lurralde arteko Kontseiluan Gabonetarako eta abenduko zubirako aholku sorta aurkezteko.

Lurralde arteko Kontseiluaren bileran parte hartu ostean Meridan eman duen prentsaurrekoan jakinarazi du erabakia, eta azaldu du erkidegoei neurriak adosteko premia helarazi diela.

Illak sailburu eta kontseilariei eskatu die proposa ditzatela aholkuak Gabonak ospatu nahi dituzten adinekoek aukera izan dezaten, "segurtasun irizpideekin", eta etxera itzuli nahi duten ikasleak ere itzul daitezen irizpide berberekin.

Era berean, lantalde horrek ezarriko ditu irizpideak Eguberri eguneko ekitaldi erlijiosoetara joan ahal izateko, "ahal den segurtasun guztiarekin".

Gainera, azpimarratu du "inork ez" duela "neurriak arintzeaz" hitz egin, eta koronabirus kasuak behera egiten ari badira ere, erkidegoetako Osasun arduradunak kezkatuta agertu direla bigarren olatuarekin.

Berretsi du asmoa dela pentsatzea ea "neurri gehigarriak hartu behar diren" datorren garairako, eta testuinguru horretan, "muturreko zuhurtzia" eskatu du neurriak arinduz gero.

"Badakigu ez direla iazko Eguberrien berdinak izango. Jokabide irizpide batzuk eman ditzakegu, baina inork ez du hitz egin neurriak arintzeaz", azpimarratu du ministroak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa