Gizartea -
Erasoa, Alde Zaharrean
Adingabe bat atxilotu dute Bilbon, gazte bati 7 sastada emateagaitik
Hainbat gazte eztabaidan ari zirenean, batek labana atera zuen eta beste bati eraso egin zion. Zenbait zauri egin zizkion eta biktima lurrera erori zen, konortea galduta.
Erredakzioa
16 urteko adingabe bat atxilotu dute, Bilbon, gazte bati zazpi sastada ematea leporatuta. Erasoa Bizkaiko hiriburuko Alde Zaharrean gertatu zen, igande goizaldean, Ertzaintzak komunikatu batean jakitera emandakoaren arabera.
Atxiloketa ostegun honetan egin dute. Urriaren 23an, Bilboko Erribera kalean, bi gazte talde eztabaidan hasi ziren. Halako batean, lekukoen arabera, gazte batek labana atera zuen eta beste bati eraso zion. Biktimak erasoa saihestea lortu zuen, baina sorbaldan eta beso batean zauritu zen.
Ihesean zihoala, erasotzailea atzetik joan zitzaion eta hainbat sastada eman zizkion bizkarrean. Zaurien ondorioz, biktima lurrera erori zen, konortea galduta. Horren lagunek Ertzaintzari deitu zioten gertatutakoaren berri emateko, eta agenteak jazoeraren lekura iritsi eta osasun zerbitzuei abisua eman ondoren, Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Giza hilketa saiakera
Kasua bere gain hartu zuten agenteek asteazkenean identifikatu zuten erasotzailea (16 urteko mutiko bat da) eta ostegunean atxilotu zuten, giza hilketa saiakera egotzita. Beharrezko izapide guztiak betetakoan, epailearen esku utziko dute.