Gizartea -
Salaketak Interneten
Webgune batek Valentzian "entxufismoa" salatzeko aukera emango du
Valentziako Erkidegoan, administrazio publikoan 15.000 pertsona "agintariren baten laguna edo familiakoa" izateagatik soilik hautatu dituzten susmoa dutela salatu dute Compromis koalizioko kideek.
Erredakzioa
Compromis koalizioak valentziarrak hiritarrei erkidego horretako administrazio publikoan dauden "entxufismo" kasuak salatzeko aukera eman die webgune bati esker. Salaketak anonimoak izan daitezke.
Valentziako Erkidegoan, administrazio publikoan "meritua edo gaitasuna" kontuan izan gabe "agintariren baten laguna edo familiakoa" izateagatik soilik administrazio publikoko posturen batean 15.000 bat pertsona ari direla lanean uste dute Compromiseko kideek. Ekimenaren helburua, hain justu, errealitate hori salatu eta agerian uztea dela adierazi dute prentsaurreko batean.
Salaketa desenxufals.com webgunean egin dezake edonork formulario bat betez, besteak beste, ustezko "entxufatuaren" izena eta izendatu duenarenajarri behar dira, zein herritan izan den eta administrazio publikoko zein tokitan lan egiten duen galdetzen dute, eta zein postu betetzen duen eta zenbat denbora daraman ere bai.
Informazio hori ez da sarean publikatuko, Compromis koalizioko kideei helduko zaie eta horiek datuak benetazkoak diren ala ez frogatuko dute. "Entxufatu" baten kasua dela baieztatuz gero wengunean kontsultatu ahal izango den zerrenda batean sartuko dute.