Gizartea -
ERASOA
Gazte bat engainatu dute harremanetarako app baten bidez eta jipoitu, Iruñean
Udaltzaingoak bost pertsona atxilotu ditu, horietako bat adingabea, eta beste adingabe bat ikertu du urriaren 18an gertatutako eraso batengatik. Ustezko erasotzaileek "barre egiteko" egin zuten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bost pertsona atxilotu dituzte, horietako bat adingabea, eta beste adingabe bat ikertu dute aplikazio baten bidez, gezurrak esanez, hitzordu batera joateko engainatu zuten mutil bat jipoitzeagatik. "Hari barre egiteko" egin zutela esan zuten ustezko erasotzaileek euren deklarazioetan.
Erasoa urriaren 18an izan zen, 21:00ak aldera, Iruñeko Media Luna parkean. Bost lagunek 28 urteko gazte bat jipoitu zuten neska adingabe batek erasoa grabatzen zuen bitartean, ondoren sare sozialetara igotzeko.
Iruñeko Udaltzaingoaren Ikerketa Taldeak erasoaren berri izan zuenean, ikerketa abiatu zuen biktima aurkitzen saiatzeko. Agenteek jakin zutenez, pertsona batek leku eta egun berean gertatutako eraso eta lapurreta bat jasan zituela salatu zuen Polizia Nazionalaren egoitzan.
Gertaera berberak zirela egiaztatu ondoren, Udaltzaingoaren Ikerketa Taldea biktimarekin harremanetan jarri zen, eta hark onartu zuen ez zela indarkeriaz egindako lapurreta bat izan, harremanetarako aplikazio baten bidez neska batekin elkartzeko hitzordua baizik. Lapurreta bakarrik salatu bazuen pasatu zuen lotsagatik egin zuela aitortu zuen.
Gazteak azaldu zuenez, bertara iritsi zenean, aplikazioan ikusitako argazkiarekin bat zetorren neska batengana joan zen, eta, orduan, bost gaztek inguratu, eta jipoitu egin zuten. Hainbat hezur hautsi eta telefono mugikorra apurtu zioten.
Udaltzaingoaren arabera, erasoa egiten ari ziren bitartean, ikertutako neska adingabeak gertatutakoa grabatu zuen, eta, ondoren, sare sozialetan zabaldu zuten bideoa.
Biktimaren azalpenak eta bildutako informazioa baliatuta, azaroaren 10ean ustezko erasotzaileak atxilotu zituzten. Euren deklarazioetan esan zutenez, "dibertitzeko eta ondo pasatzeko, lagun adingabearen argazki bat igotzen dute sare sozialetara, haren baimenarekin, norbaitekin elkartzeko hitzordua jarri eta, ondoren, haren kontura barre egiteko".