Gizartea -

Arte Ederren Fakultatea

Arte Ederren Fakultateak 50 urte bete ditu

COVID-19arengatik ekitaldietako batzuk atzeratu diren arren, egungo egoeran egin daitezkeenak egingo dituzte.

Daniel Tamayo, Arantza Lauzirika eta Edurne Gonzalez. Argazkia: UPV/EHU
Daniel Tamayo, Arantza Lauzirika eta Edurne Gonzalez.
Daniel Tamayo, Arantza Lauzirika eta Edurne Gonzalez. Argazkia: UPV/EHU

Agentziaik | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren fakultateak 50 urte bete ditu. 1970ean hasi zen lehenengo promozioa, 48 ikaslerekin, eta gaur egungo Euskal Museoko bigarren solairuan hasi ziren klaseak ematen.

Gerora, hainbat kokapen izan ditu, hala nola, Ibañez de Bilbao kaleko Suhiltzaileen Eraikina, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea eta Leioako Medikuntza Fakultatea. Azkenik, 1987. urtean, gaur egungo Arte Ederren Fakultatea estreinatu zuten.

“Gaur egun, Arte Ederren Fakultatea erreferente bilakatu da espainiar estatuan, hasiera batean hainbat arazo eta oztopo egon arren. Fakultatea beti egon da praktika garaikide artistikoen abangoardian”, adierazi du Arantza Lauzirika dekanoak.

Gainera, dekanoaren esanetan Fakultatea “aitzindaria izan da hainbat aspektutan”, eta “Estatuko lehenengo fakultatea izan zen, 1983. urtean, praktika artistikoari lotutako ikus-entzunezko espezialitatea ezartzen”.

Egun, Fakultateak 1.325 ikasle, 145 irakasle eta administrazio eta zerbitzu alorreko 40 langile ditu. Bertan, Arteko Unibertsitate Gradua, Sorkuntza eta Diseinuko Gradua eta Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Graduak ikas daitezke. Horrez gain, hainbat berezko titulu eta bost unibertsitate master egiteko aukera ere badago, ondoren, Arte Garaikidearen Ikerketa izeneko Doktoregoa egiteko sarbidea ematen dutenak.

Bestalde, Europako Arte Ederren Fakultateen sarearen kide da, eta nazioarteko aldebiko akordioak sinatu ditu 19 herrialdetako 65 erasmus unibertsitaterekin, estatuko 14 unibertsitaterekin, Hego Amerikako 35 unibertsitaterekin (10 herrialde) eta beste zortzi herrialdetako 25 unibertsitaterekin.

Fakultatearen omenezko ekimenak

COVID-19aren ondorioz, ekitaldietako batzuk atzeratu egin dituzte, eta egungo egoerara moldatu daitezkeenak mantendu.

Horien artean, urteurrenari lotutako olana lehiaketa bat antolatu dute. Olana horiek Fakultatearen kanpoaldean jarriko dituzte, eta Daniel Tamayo izan da bere olana aurkeztu duen lehenengoa.

Halaber, “12x12” erakusketa programatu dute abenduaren 14tik 21era, Fakultateko erakusketa areto berria inauguratzeko aburuz. Bizkaia Aretoan artelanak jarriko dituzte, eta, bertan, abenduaren 16tik urtarrilaren 8ra, ikasleen Gradu Amaierako Lanak egongo dira ikusgai.

Jarraian, “AKME: Hezkuntza Artean” jardunaldi berezia egingo da, abenduaren 15etik 17ra. Bertan, Jose Antonio Azpilikueta irakasleak egindako marrazkien eta karikaturen erakusketa egingo dute, Fakultateko erakusketa areto berrian.

Azkenik, Leire Fernandezek eta Eduardo Herrerak antolatutako “50 urte, 50 diseinatzaile” erakusketa egongo da ikusgai Bizkaia Aretoan, martxoaren 24tik apirilaren 16ra.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Artea Gizartea Eguneko albisteak Kultura Leioa Albisteak Museoak