Gizartea -
Arrisku taldeko pertsonentzat
Gripearen aurkako txertoaren kanpaina hilabete gehiago luzatuko dute
EITBek jakin duenez, gripearen kontrako txertoa jartzeko kanpaina bihar bukatuko zela iragarri zuten, baina Osakidetzak beste lau astez luzatzea erabaki du; azaroaren amaierara arte.
Erredakzioa
Osakidetzak hilabete luzatuko du gripearen kontrako kanpaina. Txertaketa tasa handitu nahi da eta aukera eman nahi zaie oraindik txertoa ipini ez dutenei neguan babestuta egoteko. "Oraindik txertoa jarri ez dutenak konbentzitu nahi ditugu, batik bat arrisku taldean daudenak, aukera aprobetxatu eta babestuta egoteko", esan du osasun kanpainetako arduradunak, Enrique Peirok.
Bost astetan 305.000 txerto jarri dituzte, lehengo urtean baino % 5 gehiago. Osakidetzak 375.000era iritsi nahi du, eta horregatik erabaki du azaroa amaieraraino luzatzea.
Bestalde, osasun arloko profesionalen artean ere txertaketa tasa handitu nahi dute, soilik % 20ak jartzen du eta.
65 urtetik gorakoak eta gaixotasun kronikoak dituztenak dira arrisku taldea osatzen duten pertsonak. Beraientzat gripea gaixotasun onbera izatetik larria bilakatu daiteke. "Arrisku handiagoa dutenentzat, zailtasunak larriagoak izan daitezke, eta heriotza eragin dezakete batzuetan", esan du Violeta Gonzalez medikuak.
Medikuen ustez, askok txertoa jartzea ahaztaraztea eragin du eguraldi onak, eta hotzarekin jartzeko beharraz gogoratzea espero dute.