Gizartea -
Urriaren 31
Gernikako Azken Astelehen jendetsua espero da, eguraldi onak lagunduta
Bizkaiko udalerriak milaka bisitari aurreikusten ditu azaroaren 1eko zubiak eta eguzkiak bultzatuta. Euskotrenek zerbitzu berezia emango du egun osoan.
Erredakzioa
Gernikan dena prest dago Urriko Azken Asteleheneko Azokarako. Aurtengoa oso jendetsua izatea espero da, eguraldi onak eta azaroaren 1eko zubiak lagunduta. Orotara, 277 postu jarriko dituzte euskal produktuekin.
Gernikako Udalak jakitera emandakoaren arabera, gaztak izango ditu berriro ere postu gehien, 77, eta ondoren barazkiak izango dira, 48 posturekin. Artisauek, berriz, 33 postu izango dituzte eta txakoli ekoizleek 24.
Horrez gain, 25 postutan ogia eta euskal pastela salduko dute, beste 12tan kontserbak, 15etan makineria, 13tan fruta, seitan eztia eta zortzitan bestelako produktuak.
Ohikoa denez, hainbat lehiaketa izango dira; barazki, fruta, lore apaingarri, txakoli, ezti eta gazta lehiaketak. Gainera, ohi bezala, pilota partidak antolatu dituzte, lau guztira: zesta puntako bi eta esku pilotako beste bi.
Epaimahaikideei dagokienez, euskal nekazaritzako teknikari adituak izango dira. Era berean, gazten dastaketan profesional ezagunek oarte hartukodute: José Miguel Olazabalaga, Haizian jatetxekoa; Beñat Hormaetxea, Jauregibarria jatetxekoa; Javier García, Boroakoa; Aitor Elizegi, Gaminizekoa; Iñigo Ordorika, Zallokoa; David García, Tamesisekoa; Ricardo Perez, Yandiolakoa; Eneko Atxa, Daniel García, Zortzikokoa eta Segio Ortiz de Zarate, Zaratekoa.
Euskotrenen zerbitzu berezia
Euskotrenek tren eskaintza berezia antolatu du egun osoan Bilbo-Bermeo zerbitzuan.
Lehenengo trenak 06:18ean aterako dira eta 30 minutuko maiztasuna izango dute ia egun osoan. Hala ere, Bilbo-Gernika eta Zornotza-Gernika zerbitzuek 15 minutuko maiztasuna izango dute eguneko ordu jendetsuenetan.
Era berean, astelehenean trenak ez dira Lurgorri eta Institutuko geralekuetan geldituko.