Gizartea -
Erasoa Aaiunen
Lepoaren ezkerraldean zuntzen haustura eta kontusioak ditu Meyerrek
Willy Meyer eurodiputatuak eta José Pérez Ventura Kongresurako hautagaiak kolpeak jasan dituzte hegazkinetik jaisten ari zirenean.
Erredakzioa
Willy Meyer Europako diputatuak lepoko ezker aldeko zuntzen haustura eta hainbat kontusio ditu Aaiunen, Saharako hirian izan duen erasoaren ondorioz.
Kanaria Handiko aireportura iritsitakoan, Las Palmaseko Doctor Negrin ospitalera eraman dute, larrialdi zerbitzuetan artatzera.
Kontatu duenaren arabera, hainbat kolpe eta bultzada eman zizkioten, hegazkineko eskaileratatik erortzean egin zituen kontusioez gain.
Medikuaren parteak dio “lepoko ezkerraldean zuntzen haustura, kontusio ugari eta arteria-tentsio oso altua” duela. Botikak eman dizkioeta eta alta hartu du dagoeneko.
Willy Meyerrek kontatu duenez, hegazkinetik jaistera zihoanean, “poliziak etorri ziren eta eskaileretatik bultzatu ninduten. Komandanteak Espainiako lurretan geundela esan zien, ez geundela Saharan, eta ni uzteko esan zien, Europako diputatua nintzela, baina ez zuen ezertarako balio izan, bultzaka jarraitu baitzuten”, adierazi du.
Kanpo Arazoetako Ministerioak jada erasoa kondenatu du eta astelehen honetan bertan protesta bidaliko die agintari marokiarrei gertatutakoa argitzeko eta ardurak eskatzeko.