Gizartea -
Hungariako hegoaldean
14 hildako Hungarian, Valentziatik zetorren autobus istripu batean
Valentziatik Errumaniara zihoan ibilgailuak kamioi baten kontra egin du talka, Hungariako hegoaldeko autopista batean. Lau hildako haurrak dira.
Erredakzioa
Gutxienez 14 lagun hil dira, haietatik lau haurrak zirela, Szegedetik hurbil (Hungaria) izandako istripu batean. Valentziatik Errumaniara zihoan autobus txiki batek kamioi baten aurka talka egin du M43 autopistan, Szabolcs Szenti tokiko poliziaren bozeramaileak jakitera eman duenez.
Errumaniako kontsuletxeko iturriek zabaldu dutenez, ibilgailuaren bidaiariak Errumaniako herritarrak ziren, Valentziatik haien herrialdera itzultzeko asmoa zutenak. Atzerri Gaietarako Espainiako Ministerioak baieztatu duenez, hildakoen artean ez dago espainiarrik.
Istripua igande goizaldean jazo da, Szeged eta Mako udalerrien artean, Hungariako eta Errumaniako mugatik kilometro gutxitara. Istripuaren nondik norakoak oraindik ez daude argi baina dirudienez, zura zeraman kamioia kontrako norabideko erreian sartu da eta autopistan irauli ostean, autobusaren aurka egin du talka.
Kamioiaren gidaria eta autobus txikiaren bidaiari bat istriputik bizirik atera diren bakarrak dira. Zauriak jaso dituzte eta, ondorioz, Szegedeko Klinikako Traumatologia alorrean ospitaleratu dituzte.