Gizartea -
Araban
Adineko pertsonen kontrako lapurretak, Gasteizen
Biktimei kale publikoetan edo euren etxebizitzen atarian lapurtu diete. Gainean zeramatzaten bitxiak lapurtu dizkiete, tiratuta edo indarkeria erabilita.
Erredakzioa
Ertzaintzak herritarrei adineko pertsonak, batik bat emakumeak, lapurretak jasan dituztela ohartarazi die, Gasteizen, azken asteotan. Biktimei kale publikoetan edo euren etxebizitzen atarian lapurtu diete. Gainean zeramatzaten bitxiak lapurtu dizkiete, tiratuta edo indarkeria erabilita, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
Urrian, Gasteizeko Polizia-etxeak hainbat salaketa jaso ditu, adineko emakume batzuengandik. Kasu gehienenak lan egiteko era berdina erabiltzen duten bi ezezagunenak dira.
Biktimak bakarrik daudenean burutzen dute lapurrek euren lana, edo atzetik eraso egiten diete etxeetako atarian daudenean. Batzuetan indarkeria handia erabilita, bitxiak hartzen dizkiete, normalean urrezko lepokoak izan ohi dira.
Herrizaingo Sailak adierazi duenez, urriaren 6an Udaltzaingoak Gasteizen bi pertsona atxilotu zituen, hamabost bat lapurretetan (antzeko parametroak erabilita) parte hartzea leporatuta, maiatzaren 30etik urriaren 3ra. Biktima guztiak emakumezkoak ziren, eta 61-94 urte bitartean zituzten, nahiz eta, kasu gehienetan, 80 urteak pasatuta izan.