Gizartea -

Eusko Legebiltzarra

Aldekoak informatiboak, euskara eta Interneteko presentzia indartuko ditu EITBn

Gainera, zuzendari nagusiak "lehenengo helburu pertsonal bat" jarri du 2021erako eta 2022rako: enpresa politika berri bat martxan jartzea sozietate guztiak EITB Median elkartu ostean.

Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia, Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian.Argazkia: EiTB
Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia, Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian.Argazkia: EiTB
Andoni Aldekoak EiTBrentzat duen bide orria aurkeztu du Legebiltzarrean

1:17

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Aldeko EITBren zuzendari nagusiak informazio zerbitzuak, euskarazko edukiak eta erakundeak Interneten duen presentzia indartu nahi ditu, COVID-19aren pandemiarekin are gehiago hazi den eduki digitalen kontsumoaren gorakada ikusita.

Aldekoak, Maite Iturberen postua hartu berri duenak, agerraldia egin du lehenengo aldiz Eusko Legebiltzarrean datozen urteetarako dituen asmoen berri emateko, eta 2021erako eta 2022rako "lehenengo helburu pertsonal bat" duela jakinarazi du: enpresa politika berri bat martxan jartzea sozietate guztiak EITB Median elkartu ostean, horrek erakundearen eredua "berriro pentsatzeko aukera" ematen duelako.

"Prozesu handia" izango da, ez duelako soilik baliabideak "modu transbertsalean" erabiltzea ekarriko, baizik eta barne prozedurak bateratzea; langile politika eta erakundeko langile guztientzako lan-hitzarmen bakarraren onarpena barne. "Pertsonak zaindu nahi ditut", adierazi du Aldekoak.

Eremu korporatiboko "berehalako fase" horren ostean, "epe ertaineko" helburuek EITB zerbitzu publiko gisa indartzea izango dute oinarri, informazio "neutrala, independentea, egiazkoa eta objektiboa" jasotzeko eskubidetik abiatuta, eta "aniztasuna errespetatuz".

EITBren "ardura soziala" eta "bake, bizikidetza eta giza eskubideen politikekiko konpromisoa" azpimarratu ditu, izan ere, "memoria politiketan ekarpena" egin behar duela iritzi dio, eta ezin duela "eremu horretan liskarrerako arrazoia" izan. Gainera, datozen hileetan Gogora Memoria Institutuarekin lankidetza proiektu bat egingo duela iragarri du.

Bestalde, Aldekoak irrati, telebista eta webguneak "pertsonalizatzea"ren alde egin du, bakoitzak bere ikus-entzuleak dituelako, eta edukiak, tonua eta ikus-entzunezko lengoaia egokitu behar dituelako horietara.

Apustu digitala

EITBko zuzendari nagusiaren ekinbidearen beste zutabeetako bat apustu digitala izango da. Online edukiak ugarituko dira EITB izan dadin euskal herritarren "abiapuntua" Interneten "informazioa eskuratzeko"; eta bi aplikazio zabalduko dituzte gailu eramangarrietarako: Albisteak, informazioan zentratua, eta Nahieran, ikus-entzunezko edukien kontsumorako.

Informatiboak

Informazioaren atala ere indartu egingo da, erakundearen ibilbidean, eta COVID-19aren garaian bereziki, "herritarren babesa" jaso ostean.

Horren erakusgarri da, Aldekoaren arabera, Teleberrik 8,5eko aldea ateratzen diola audientzian bigarren informazio saio ikusienari. Gainera, share-a lortzeko "kostu txikiena" egiten duen katea omen da ETB, "Galiziakoarekin batera".

Euskara

Erakundearen zuzendari berriak iragarri du, era berean, euskara indartuko duela bereziki informatiboetan eta gazte eta haurrei zuzendutako saioetan, baina baita "ezohiko" medioetan ere; erakundeak euskarari eremu digital berrietan lekua egiten ez badio, horietatik kanpo geratzeko arriskuan dagoelako.

"EITBk izan behar du euskarazko edukien ekoizle nagusia", eta "ikus-entzunezkoen eta kulturaren sektorea indartzen" lagundu behar du, Aldekoaren esanetan. Horren harira, urtea amaitu aurretik programa kontratu berri bat egiteko nahia agertu du, erakundeak datozen urteetan "egonkortasuna" izan dezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Eusko Legebiltzarra Gizartea Eguneko albisteak Albisteak EITB Taldea