Gizartea -

Ezbeharrak errepideetan

3 lagun larri zauritu dira Kuartangon eta Lasarten jazotako istriputan

Kuartangon (Araba), AP-68 autobidean, pertsona bat oso larri zauritu da. Lasarten (Gipuzkoa) , furgoneta bateko gidariak beso bat galdu du.

Guztira, hiru dira Kuartango eta Lasarteko istripuetan zauritutakoak. Argazkia: EITB
Guztira, hiru dira Kuartango eta Lasarteko istripuetan zauritutakoak. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona bat oso larri eta beste bi larri zauritu dira EAEko errepideetan jazotako bi istripu garrantzitsuenetan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Aurreneko ezbeharra Kuartangon gertatu da goizaldean, AP-68 autobidean, Zaragozako noranzkoan. Auto bat errepidetik atera da eta Bilboko noranzkoko plataforman amaitu du. Bigarren istripua 12:30ean jazo da N-1 errepidean, Lasarte parean, Irungo noranzkoan.

Kuartangoko istripua 00:15 aldera gertatu da AP-68 autobidean. Argitzeke dauden arrazoiengatik, Alfa Romeo 156 auto bat errepidetik atera da, erdibitzailea gainetik salto egin du eta Bilboko noranzkoan irauli egin da.

Istripuaren ondorioz, ibilgailuko bi bidaiariak harrapatuta geratu dira eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan dituzte. Autotik atera ostean, gidaria, 22 urteko Murchanteko (Nafarroa) bizilaguna, Santiagoko Ospitalera eraman dute oso zauri larriekin. Bestalde, 20 urteko kopilotua, Oliteko bizilaguna (Nafarroa), larri zauritu da eta Txagorritxuko Ospitalera eraman dute.

Bigarren ezbeharra 12:30 aldera jazo da N-1 errepidean, Lasarte parean, Irungo noranzkoan. Kasu honetan, Mercedes Benz 312 furgoneta bat irauli egin da eta posizio horretan zenbait metro egin ditu. Azkenean ibilgailua errepideko ezker erreian geratu da.

Istripuaren ondorioz, ibilgailuko gidaria harrapatuta geratu da eta beso bat galdu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea