Gizartea -
TRAFIKOA
Heriotzak zerora murrizteko bide segurtasun plana prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza
2030erako hildakoen eta larri zauritutakoen kopurua erdira jaistea eta 2050erako heriotzarik ez izatea lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritza 2021-2025 aldirako Bide Segurtasunerako Plan Estrategiko berria prestatzen ari dela iragarri du Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak. Helburua bikoitza da: 2030erako trafiko istripuetan hildakoen eta larri zauritutakoen kopurua erdira jaistea eta 2050erako heriotzarik ez izatea (Zero Biktima Ikuspegia izenez ezagutzen den helburua).
Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasun saileko sailburuak inauguratu du gaur goizean Bilbon egin den "Bide-segurtasuna Euskadin, Garapen Iraunkorrerako 2030erako Helburua" trafikoko jardunaldi teknikoa. Ekitaldi horren baitan iragarri duenez, Eusko Jaurlaritza 2021-2025 aldirako Bide Segurtasunerako Plan Estrategiko berria osatzen ari da.
Bere hitzaldian berretsi duenez, Eusko Jaurlaritzak bat egiten du NBEren "2030 Agenda" deiturikoaren helburuekin, baitan trafikoaren alorrean ere: trafiko istripuetan hildako eta zauritutako pertsonen kopurua erdira jaistea eta 2050erako zero biktimara iristea (Zero Biktima Ikuspegia izenez ezagutzen den helburua).
Gaineratu duenez, bi konpromiso edo helburu horiek zuzenduko dute Eusko Jaurlaritzak datozen urteotan trafikoaren arloan egingo duen planifikazio eta jarduketa osoa.
2021-2025 aldirako Bide Segurtasunerako Plan Estrategiko berria datorren martxoan onartuko du Gobernu Kontseiluak.
"Bide segurtasuna Euskadin, Garapen Iraunkorrerako 2030erako Helburua" trafikoko jardunaldi teknikoan nazioarteko adituek parte hartu dute, eta mugikortasun iraunkorrari buruz hitz egin dute, Istripuka murrizte aldera euren esperientziak azaldu dituzte eta bide segurtasunean "Zero Biktima Ikuspegia" lortzeko politika globalak partekatu dituzte.
Azken urteetako eboluzioa
Azken 20 urte hauetan nabarmen egin dute behera Euskadin trafiko istripuen ondorioz hildako pertsonen kopurua.
2000. urtean 218 pertsona hil ziren, 2010ean, 67; 2019an, 50; eta 2020an, azaroaren 30era arte, 36.