Gizartea -
Kongresua Bilbon
Kazetariek ETAren aurka egindako lan erabakigarria goratu du Aresek
Herrizaingo sailburuak ETA amaitzeko erakutsi zuten inplikazio berarekin jokatzea eskatu die hedabideei emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ETA amaitzeko erakutsi zuten inplikazio berarekin jokatzea eskatu die hedabideei emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko. ETAren amaieran kazetarien lana "erabakigarria" izan zela uste du Aresek.
Aresek Bilbon egin ditu adierazpenok, "Emakumeen kontrako indarkeria eta hedabideak" izeneko jardunaldi batzuetan.
ETAren kontra erakutsi duten konpromisoa eskertu die Aresek kazetariei, "funtsezkoa" izan baita haien lana "euskal gizarteak terroristak zokoratzeko erabili duen erresistentzia zibikoaren sua piztu dutelako".
ETAk armak utzi izana "Zuzenbidezko Estatuaren, askatasunaren eta demokraziaren garaipena" izan dela azpimarratu du sailburuak.
Hori lortzeko, "hedabideek jokatu duten papera erabakigarria" izan omen da eta prentsaren lana orain indarkeria matxistari aurre egiteko erabiltzea eskatu du.
Aresen arabera, kazetariak "gero eta gehiago inplikatu ziren" ETAren jarduera salatzeko eta "batzuek bizia eman zuten konpromiso horren alde eta beste batzuk indarkeria pairatu zuten". Hori horrela, biktima izan diren kazetariei "errekonozimendua eta omenaldia" egin nahi izan die.