Gizartea -
Amagoia Gurrutxagaren zutabea.
"Izar eta hauts".
"Transmisio ezak aldiro hutsetik hasi beharra dakar normalki. Euskadunok badugu horren berri"
AMAGOIA GURRUTXAGA URANGA
“San Simon eta San Juda/ joan zen uda, eta negua heldu da:/ ez baletor hobe, bizi gara pobre/ eremu latz honetan/ ez gara hain onak benetan”. Xabier Leterekin lotzen dudan kantuarekin joan zaizkit azken egunak. Kanta horrekin, eta urteurrenekin. Leterekin berarekin harremana daukan bat, esaterako, ostiralean izan zen: hamar urte hil zela. Atzo eman zuen ETB1ek ‘Ni naiz Lete’ dokumentala, horren harira.
Ordu berean, ETB2n, Burgosko Prozesuaren inguruko saioa eman zuten. Eta hortxe aste honetako beste urteurren bat: ostegunean bete ziren 50 urte epaiketa hori hasi zela. Bertan auzipetuetako bat, Julen Kaltzada abadea, 40 urte bete berri dituen Korrikaren sorrerako ezinbesteko eragileetako bat izan zen, eta atzo irakurri nuen Twitterren, ‘Burgosko Prozesuak 50 urte. Zuzeneko kontakizuna’ kontuan, zer deklaratu zuen epaileen aurrean. Twitter kontu hori BERRIA egunkariak jarri du abian; indarrez itxi izan ez balute atzo 30 urte beteko lituzkeen Euskaldunon Egunkaria-ren oinordekoak, alegia. Hara hor beste urtebetetze bat festarako.
Goazen Burgosera, baina. Kaltzadaren aurretik, han auzipetutako emakumeetako batek deklaratu zuen atzo 50 urte: Itziar Aizpuruak. Hau izan zen Aizpuruaren kontakizuna, hiru txiotan. Lehena: “Francisco Letamendia abokatua ari zaio galdezka. Esan du ez dela ETAko kidea, eta ez duela inoiz armarik erabili. Frankismoak Euskal Herriari ezartzen dion errepresio kultural eta linguistikoa salatzen ari da”. Bigarrena: “Euskal Herrian hezkuntza larri dagoela azaldu du Aizpuruak. Umeei ‘atzerriko hizkuntzak’ inposatzen dizkietela, eta hori indarkeria dela salatu du, eta ikastolen lana azaldu du. Epaimahaiko kide batek moztu du, Espainia eta armada ‘iraintzen’ ari delako adierazpen horiekin”. Hirugarrena: “Atxilotu zutenean torturatu egin zutela salatu du Aizpuruak ere. Horregatik inkulpatu zuela bere burua. Epaimahaiari deseroso sumatzen zaio adierazpen horiekin”.
Burgosko epaimahai hartako kideak Espainiako Armadakoak ziren, mendeak zeharkatu dituen eskola bateko ikasleak, eta eskola horrek ez du etenik izan, egunotako albisteak ikusi besterik ez dago egitate hori hamaikagarren aldiz berresteko. Transmisio kate ongi koipeztatu baten emaitza eta pieza dira. Ez da tontakeria, transmisio ezak aldiro hutsetik hasi beharra dakarrelako normalki. Euskaldunok badugu horren berri.
Leteri buruzko atzoko dokumentala, esaterako, nolabaiteko transmisio ariketatzat jo daiteke. Eta transmisio eten baten berri eman zigun. “Garai hartan, benetako izarra Lourdes Iriondo da”, zioen Bernardo Atxagak bertan. Ez dakit belaunaldi berrietako zenbatek ezagutzen duten Lete, baina errezeloa daukat askoz gehiago direla Iriondo ezagutzen dutenak baino. Nolatan bihurtu den Iriondo izarra hauts, gure genealogiatik desagertzeraino, aztertzekoa litzateke. Ez gara hain onak, benetan.