Gizartea -

Koronabirusa

Covid-19aren positibo berriak egonkor mantendu dira EAEn eta Nafarroan

Euskal Autonomia Erkidegoan 446 positibo berri erregistratu zituzten asteazken honetan. Nafarroan, aldiz, 88 kutsatu berri atzeman zituzten.

Bi osasun langile ZIU bateko gaixo bat artatzen. Argazkia: EFE
Bi osasun langile ZIU bateko gaixo bat artatzen.
Positibo berriak egonkor mantendu dira EAEn eta Nafarroan

3:45

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak 446 kutsatu berri utzi ditu azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan, atzo baino lau gutxiago, baina positibotasun tasa % 6,6ra igo da bi egunez jarraian % 6tik behera egon ostean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak pandemiaren bilakaerari buruzko datuak argitaratu ditu. Asteazkenean 6.767 test diagnostiko egin ziren, bezperan baino 1.467 gutxiago; beraz, positibotasun tasa % 5,5etik % 6,6ra igo da.

Ospitaleetako egoerak hobera egin zuen; izan ere, asteartean ospitaleratutako 513 pazienteekin alderatuta, asteazkenean 506 izan ziren, hau da, zazpi gutxiago. Horietatik, 388 plantan zeuden (aurreko egunean baino bi gehiago) eta 116 ZIUn (bederatzi gutxiago). Eguneko sarrerak nabarmen igo ziren, 38tik 54ra.

14 egunetan 100.000 biztanleko metatutako intzidentzia-tasak beheranzko joerari eutsi zion, eta 317,2 kasu izan ziren EAEn (asteartean baino 10 puntu gutxiago, orduan 327,2 baitziren).

Adierazle hori lurralde guztietan jaitsi da: Araban 346tik 342,7ra, Bizkaian 277,2tik 272,9ra eta Gipuzkoan 387,3tik 366ra.

Oinarrizko ugalketa-kopurua ere jaitsi egin da (R0), gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, 0,89tik 0,86ra, kopururik txikiena 10 egunean.

Atzo atzemandako 446 kutsatze berrietatik 210 Bizkaian izan ziren (17 gutxiago), 135 Gipuzkoan (8 gutxiago) eta 99 Araban (26 gehiago). Gainera, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko udalerriren batean bizilekua zuten pertsonen bi positibo eman ziren, bezperan baino bost gutxiago.

Halaber, egoera epidemiologikoak hobera egin zuen euskal herrietan, eta, Ermua gune gorri deiturikotik atera ondoren, lau baino ez dira geratzen gune horretan: Arrigorriaga Bizkaian eta Arrasate, Eibar eta Ordizia Gipuzkoan.

Ikastetxeei dagokienez, ez dago aurrez-aurreko jarduera osoa etenda duen ikastetxerik, eta nabarmen murriztu da covid-19 bidez itxitako gelen kopurua (148tik 98ra igaro dira), baita eragindako ikastetxeen kopurua ere (orain 47 dira, eta aurreko egunean 65 izan ziren).

Nafarroa

Covid-19agatik kutsatutakoek ehunetik behera jarraitzen dute Foru Erkidegoan, 88 kasu atzeman baitzituzten atzo 1.670 probatan (PCR eta antigenoak). Horrek % 5,3ko positibotasun tasa utzi du, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.

Horrela, berretsi egiten da transmisioak behera egin duela Foru Erkidegoan. Gainera, atzo gaixotasun horrekin lotutako hiru ospitaleratze berri izan ziren, bat ere ez ZIUn.

Atzo hiru pertsona hil ziren: 63 eta 95 urteko bi emakume eta 85 urteko gizon bat. Guztira, 915 pertsona hil dira Nafarroan.

Eskualdeka, Iruñean eta Eskualdean positiboen % 71 daude, Tuteran % 9 eta Lizarran % 2. Gainerako positiboak (% 18) Nafarroako beste leku batzuetan daude.

Positibo berrien batez besteko adina 39 urtekoa da. Kasuen % 42 emakumeak dira, eta beste % 58 gizonak.

Ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 153 pertsona daude (atzo baino sei gutxiago); horietatik 24 ZIUan daude (bi gutxiago) eta beste 12 etxeko ospitaleratzean (hiru gutxiago). Gainerakoak, 117 paziente, plantan daude.

Birusak eragindako kutsatzeen intzidentzia metatua, eguneroko igorpenen arabera, 40.489 kasutan dago Nafarroan.

Adineko pertsonen egoitzen egoera

Bizkaiko adinekoentzako egoitzetan beste heriotza bat izan da azken orduetan, eta foku berri bat atzeman da Foruako zentro batean, 18 pertsona kutsatu baitira.

Heriotza berri horrekin, 110era igo da pandemiaren bigarren olatuan hildako Bizkaiko egoitzetako adinekoen kopurua.

Bizkaiko Foru Aldundiak Foruko Calabria zentroan atzemandako foku berri baten berri eman du (26 erabiltzaile eta 26 langile) baheketa oso baten ostean. Guztira 18 positibo atzeman dira.

Horietatik 14 egoiliarrei dagozkie. Gaixoetako bi ospitalera eraman dituzte sintomak zituztelako, bat Birjinetxeko (Bilbo) unitate soziosanitario espezializatura bideratu dute eta gainerakoak "sintomarik gabe" daude egoitzan. Langileen artean, lauk eman dute positibo.

Atzo, abenduak 9, egoitza-sarean (154 zentro, 10.748 plazarekin) 85 erabiltzaile zeuden positibo baieztatuekin, duela bi eguneko kopuru bera, eta beste 31 egoiliar ospitaleratuta zeuden, aurreko zenbaketan baino hiru gehiago.

Gainera, egoitzetako 120 langilek positibo eman dute, duela bi egun baino bost gehiagok, eta 47, bi gutxiago, isolamenduan zeuden, baina covid-19aren baieztapenik gabe.

Gaur egun, 10 zentrotan bizi dira kaltetuak: Eusebio Aldekoa-Zeberio (23), Txurdinagabarri-Bilbo (23), Calabria-Forua (11) Sanfuentes-Abanto-Zierbena (11), DomusVI Miraflores- Bilbo (2), Loreak-Bilbo (5), Vidalia Santutxu-Bilbo (5), Indautxu Gurena-Bilbo (3), Bilbozar-Bilbo (1) eta Bilbozar-Bilbo (1).

Aldundiak azaldu duenez, azken orduetan 24 pertsona sendatu dira. Guztira, 2362 egoiliarrek gainditu dute gaixotasuna.

Bestalde, Gipuzkoako zahar-egoitzetan lau pertsona hil dira covid-19ak jota azken orduetan, eta 12 kasu berri atzeman dituzte, Aldundiak jakinarazi duenez.

Hil diren pertsonetako bi Julian Rezola erresidentzian zeuden, beste bat Hermano Garate zentroan eta laugarrena Sanitas Miramonen (guztiak Donostian).

Azken txostenak erakusten duenez, 12 lagun kutsatu dira eta 4k alta jaso dute. Beraz, 166 kasu daude gaur-gaurkoz Gipuzkoako erresidentzietan.

Abuztuaren 11az geroztik, 103 adineko hil dira zahar-egoitzetan, eta 369k gaixotasuna gainditu dute.

4.595 kasu berri Espainian, azken 24 orduetan

Autonomi erkidegoek Osasun Ministerioari emandako datuetan oinarrituta, 7.955 covid-19 kasu berri atzeman dituzte Espainian, horietako 4.595 azken 24 orduetan. Aurreko egunean 2.305 kasu berri atzeman zituzten, ia gaurkoaren erdia. Hala, 1.720.056 pertsona kutsatu ditu guztira covid-19ak.

100.000 biztanleko 188 kasu daude batez beste; asteazkenean 193,26 ziren.

Hildakoei dagokienez, Salvador Illak zuzendutako ministerioak jakitera eman du 765 pertsona zendu direla azken astean, eta 47.344 pandemia hasi zenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iruñea Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Medikuak Adinekoentzako egoitzak gaur Koronabirusa Alarma egoera Osasunbidea