Gizartea -

KORONABIRUSA

Etxeratze agindua 20:00etara aurreratu dute Ipar Euskal Herrian

Gaurtik aurrera, herritarrak 20:00etatik 06:00etara egon beharko dira etxean. Kontrol "zorrotzak" egin eta arau-hausteak 135 euroko isunarekin zigortuko dituzte.

Etxeratze agindua aurreratu dute Ipar Euskal Herrian. ETBren bideo batetik harttuako irudia
Baiona
Etxeratze agindua aurreratu dute Ipar Euskal Herrian. ETBren bideo batetik harttuako irudia

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren intzidentzia oraindik handia dela iritzita, Gabonetarako aurreikusita zuen deseskalatzea gogortzea erabaki du Frantziako Gobernuak, eta astearte honetatik aurrera ordubetez aurreratu dute etxeratze agindua. Hala, Ipar Euskal Herriko herritarrek 20:00etarako egon beharko dute etxean, eta ezingo dira bertatik irten 06:00ak arte.

Frantziako osasun agintariek murrizketak gogortzea ebatzi dute, eguneko batez besteko kasuen kopurua 5.000etik jaitsi ezinda dagoela ikusita.

Jean Castex Frantziako lehen ministroaren hitzetan, gaur bertan indarrean sartu den etxeratze agindua "zorrotz" kontrolatuko dute. Arau-hausteak 135 euroko isunarekin zigortuko dituzte, eta etxetik derrigorrez atera behar izatekotan, salbuetsita dauden baldintzetako bat egiaztatzen duen ziurtagiria erakutsi beharko du herritarrak.

Horrez gain, aurretik bestela iragarri bazen ere, abenduaren 31n ere indarrean egongo da etxeratze agindua. Halaber, familiarekin bilduz gero, gehienez sei heldu batzea gomendatu du Gobernuak.

Antzoki, zinema, museo, monumentu eta kultur zentroak urtarrilaren 7ra arte egongo dira itxita, eta taberna, jatetxe eta gimnasioak, urtarrilaren 20ra arte, gutxienez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Baiona Maule Donibane Garazi Gaixotasunak Gabonak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa