Gizartea -

ALERTA METEOROLOGIKOAK

123 km/hko haize ufadak Jaizkibelen eta 6,5 metroko olatuak Donostian

Nafarroak abisu horian jarraitzen du euriagatik, elur-jausiengatik eta urtzeengatik. Tuteran neurriak hartu dituzte Ebro ibaiak gainezka egin dezakeelako igande arratsaldean.

Surflariak Ondarretan, larunbat honetan. Argazkia: Iñaki Ayesa
Surflariak Ondarretan, larunbat honetan. Argazkia: Iñaki Ayesa
Surflariak Ondarretan, larunbat honetan. Argazkia: Iñaki Ayesa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

123 km/h-ko haize-boladak izan dira azken orduetan Donostia aldean, Jaizkibelgo neurketa-gunean erregistratu dutenez, eta itsasoan jarritako buian, berriz, 6,5 metroko olatua izan da.

Euskalmetek bildutako datuen arabera, denboraleak 122 km/h-ko boladak utzi ditu goizaldean Euskal Autonomia Erkidegoko haizeguneetan, Donostiako Santa Klara geltokian, adibidez. Karrantzan (Bizkaia), 119 km/h-ko abiadura hartu du haizeak, eta Oizen, 110 km/h-koa. Gainera, haizeguneak ez diren lekuetan ere gogor jo du haizeak: 88 km/h-ko abiadura hartu du Arrasaten (Gipuzkoa) eta 86 km/h-koa Arteagan (Bizkaia), esate baterako.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Donostiako Boian 6,5 metroko altuera izan du olatu handienak.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak amaitutzat eman du haizeagatik haizeguneetan ezarritako abisu horia, baina larunbat honetako 18:00ak arte alerta laranja mantenduko du itsasaldeko arriskuagatik, 5-6 metro inguruko olatuak espero baitira. Olatuen altuerak behera egingo du datozen orduetan, eta ondorioz, 18:00etatik 24:00etara abisu horia egongo da indarrean.

Nafarroan alerta horia mantenduko da euriagatik, elur-jausiengatik eta urtzeengatik

Nafarroan, Estatuko Meteorologia Agentziak alerta horia ezarri du euriteengatik, elur-jausiengatik eta urtzeengatik. Dena dela, goizean izan da okerrena eta arratsaldean ez du horrenbate euri egingo.

Urtze eta elur-jausien arriskua, baina, gauerdira arte luzatu dute Pirinioetan.

Tuterako Udala, bestalde, hainbat prebentzio neurri hartzen hasi da Ebro ibaiak gainezka egiteko arriskua dagoelako.

Udalak atzo arratsaldean jakinarazi zuenez, Udaltzaingoak Ribotaseko kirol-instalazioen ondoan dagoen aparkalekua itxi du, eta gaur, larunbata, Alejandro Toquero Tuterako alkateak iragarri duenez, Babes Zibilak ibaiaren ur-goraldia zainduko du arratsaldetik aurrera.

Alkateak azaldu duenez, Queiles ibaiko uhateak kontrolatzeko, balizatzeko eta zaintzeko lanak egingo dituzte.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren datuen arabera, ibaia segundoko 1.545 metro kubikora iristea espero dute igandean, 17:00ak aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Nafarroa Tutera Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ekaitzak Ibaiak Hotz boladak