Gizartea -

Euri denboralea

'Dena' galdu dutela diote etxetik atera dituzten hainbat bizilagunek

20 pertsona inguruk Donostiako Gasca kiroldegian egin dute lo euriaren ondorioz etxea utzi behar izan dutelako. Atzo arratsaldetik, 14.000 pertsona baino gehiago geratu dira argindarrik gabe.

Andoain, gaur. Argazkia: EITB
Andoain, gaur.
Andoain, gaur. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Dena galdu dugu", adierazi du Irenek, 60 urteko emakumeak, atzo uholdeen ondorioz Urumea alboko etxebizitza batetik atera eta gaua Donostiako Gasca kiroldegian igaro ondoren.

Irene eta bere gizona, 63 urtekoa, Txomin auzoko etxebizitza batean bizi dira, Urumea ibaiaren aldamenean eta gaur gauen Jose Antonio Gasca kiroldegian lo egin behar izan dute beste 18 lagunekin batera uholdeengatik etxetik atera eta Gurutze Gorriak prestatutako aterpetxera eraman dituztelako.

Txomin auzoko bizilagunak azaldu duenez, bere etxea Antxieta Pasealekuko 36.ean dago, "ibaiaren mailaren azpitik" eta Urumeatik 50 metrora.

Atzo, arratsaldeko hiruak aldera, etxean ura sartu zitzaion txorkatilaraino eta etxetik gauzak ateratzen ari zirela, "bospasei minuturen buruan", ura "gerriraino" iritsi omen zitzaien, komuneko zulotik ura "indar handiarekin" ateratzen baitzen.

"Buzoak eta txalipak ekarri zituzten gu etxetik ateratzeko, baina ordurako dena urak hartuta zegoen, erosi berri dugun hozgailua barne", adierazi du Irenek etsita, "dena" galduko dutela gaineratu aurretik.

Udaletxeak jakinarazi die etxebizitzaren egoearari buruzko informazioa helaraziko dietela uneoro eta etxera itzultzeko moduan daudenean ere abisatuko dietela.

"“Oso ongi tratatu gaituzte eta eskerrak eman behar dizkiegu", esan du oraindik "urduri" dagoen emakumeak.

Irenek eta bere senarrak beste 18 lagunekin batera igaro dute gaua kiroldegian. Gainerakoak pertsona helduak eta adinekoak ziren.

Guztira, 200 pertsona inguru atera zituzten atzo etxeetatik eta horietako 20 izan dira kiroldegian, gainerakoak lagun edo senideen etxeetara joan baitira.

Horiez gain, atzo arratsaldean errumaniarren kanpaleku bat hustu zuten Astigarragan eta udal-frontoian artatu dituzte.

14.000 pertsona elektrizitaterik gabe

Gipuzkoa osoan milaka pertsona egon dira bart argindarrik gabe Usurbilen eta Hernanin dauden zentral elektrikoak urak hartu dituelako. Galdakaon (Bizkaia) ere arazoak dituzte argindar hornidurarekin.

Iberdrolako iturriek jakitera eman dutenez, 21:30 aldera 5.400 gipuzkoar inguru zeuden argindarrik gabe, baina ordu batzuk lehenago 14.000tik gora ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea