Gizartea -

Erribera

Bardean maniobra militar gehiago egingo dituztela salatu dute

“Ekintza militarrak geroz eta sarriagoak dira, eta, ondorioz, herritarrek ezin dute Bardeaz disfrutatu”, kritikatu du plataformak.

Errege Bardea. Argazkia: Artxiboa
Errege Bardea
Errege Bardea. Argazkia: Artxiboa

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bardeak Libre plataformak Bardean maniobra militar berriak egingo dituztela salatu du komunikatu batean.

Adierazpenak dioenaren arabera, "albiste txarra da oso, agerian geratu baita, beste behin, industria militarrak Espainiako Gobernuarentzat eta Bardeako Komunitatearentzat duen garrantzia".

"Gastua murriztu eta herritarren beharretara bideratu ordez, % 4,6 hazi da finantziazioa 2020. urtean", adierazi du plataformak.

Halaber, Bardeako Komunitateak urtero poligonoari esker lortzen duen 14 milioi euroko irabazia jarduera militarren dependentzia elikatzera bideratzen duela salatu du Bardeak Libre plataformak.

"Ekintza militarrak geroz eta sarriagoak dira, eta, ondorioz, herritarrek ezin dute Bardeaz disfrutatu", kritikatu du.

"Hori guzti, etengabe bonbardatzen ari diren parke natural baten defentsaren argudiopean", plataformaren arabera.

Ekintza militarren harira, Bardeak Libre plataformak adierazi du 2017. urtean 247 orduko hegaldiak egin zituztela, Ablitasko aerodromoan bakarrik. Horrek 2.400 tona keroseno erabiltzea dakar. Horrez gain, zazpi Maverick misil jaurti zituzten, eta horietako bakoitzak 150.000 euro balio du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak