Gizartea -
Euskalgintza
Aitor Etxarte euskaltzalea hil da, koronabirusarekin
Iruñeko euskalgintzan erreferentea, 2015etik 2019ra Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakaria izan zen.
EITB Media
Aitor Etxarte pedagogo eta euskaltzale iruindarra hil da, 64 urterekin, azken hiru hilabeteak ZIUn koronabirusarekin igaro ostean.
Etxarte erreferentea izan da Nafarroako hiriburuaren euskalgintza eta hezkuntza munduan. Euskarazko irakaskuntza publikoaren sustatzailea, Iruñeko Udal Ikastolen sortzaileetako bat eta Karriki euskara elkarteko sustatzailea izan zen.
Frankismoan Iruñeko Udal Ikastolaren sustatzeko lanetan aritu zen lanbidez pedagogoa zen Etxarte, eta ia 30 urtez aritu zen irakasle zein zuzendari Hegoaldeko Ikastolan.
2015etik 2019ra Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakaria izan zen.
Hedoi Etxarte idalzeak, Aitorren semeak eta Euskadi Irratiko Faktoria saioko kolaboratzaileak horrela definitu du aita: "Liga Komunista Iraultzaileko militantea, Iruñeko udal ikastolen sortzaileetakoa, Hegoaldeko zuzendaritza taldekoa, gentrifikazioaren kontrako asaldatzailea, proiektu txiki askotako bazkidea".
Hedoi Fermin Etxegoienek gidatutako Eusten saioan izan zen, aita gaixorik zegoela, eta zaintza intentsiboetako unitatean bizitako momentu gogorrak kontatu zituen.