Gizartea -
Ekimena
Euskadik beste 18 'haur-etxe' izango ditu 2012an, haurtxoak zaintzeko
Une honetan bost daude, Bizkaian, ekimenaren proba fasean. Etxebizitza partikularretan 3 urte arteko haurrak zaintzea dute helburu.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak beste 18 "haur-etxe" sortuko ditu 2012 urtean, etxebizitza partikularretan haurtxoak zaintzeko. Une honetan bost daude Bizkaian, ekimenaren proba fasean.
Iragarpena Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak egin du, proiektua azaltzeko Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean.
Ekimenak 3 urte arteko umeak zaintzea du helburu. Langile profesionalek egiten dute, etxebizitza partikularretan, gurasoen lana eta bizitza pribatua bateratzeko helburuz.
Zaintzaileek euren etxebizitzetan bertan zaintzen dituzte umeak, gurasoen beharrei moldatutako ordutegietan.
"Haur-etxeak" gurasoen etxebizitzatik edo lan-postutik gertu egon behar du.
Sailburuaren esanetan, aurten bost etxebizitza egokitu dituzte Bilbo inguruan, horietako bakoitzean 3 eta 4 umetxo artean zaintzeko.
Lau etxebizitza udatik dira "haur-etxe", bestea irekitzeko zorian dago, eta 2012an beste 18 abiatuko dituzte, Euskadi osoan.
Zabaletak azaldu du ekimenaren helburua ez dela haurreskolei lehia egitea, baizik eta gurasoei eskaintza handitzea.
Datuen arabera, 'haur-etxeek' 8 metro karratu izan behar dituzte haur eta zaintzaile bakoitzeko.
Besteak beste, telefono zerbitzua eta hainbat segurtasun neurri ere izan behar dituzte.