Gizartea -
TRANSIZIO EKOLOGIKOA FAKTORIAN
Elisa Sainz de Murieta: "Isuriak murrizteko politikak ez dihoaz behar bezain azkar"
Parisko itunak 5 urte bete berritan, Elisa Sainz de Murieta ikerlari eta Lorea Flores, Greenpeaceko ordezkariekin hausnarketa egin dugu klima aldaketaren aurkako borrokaren egoeraz eta etorkizunaz.
faktoria
Parisko akordioak jasotzen dituen helburuak betetzeko bidean, oraindik ere garaiz gabiltzala iritzi diote Elisa Sainz de Murieta, BC3ko ikerlariak eta Lorea Flores, Hego Euskal Herriko Greenpeaceko ordezkariak. Halare, Sainz de Murietak ohartarazi du: "karbono isuriak murrizteko politikak ez dihoaz behar bezain azkar eta gero eta zailagoa eta garestiagoa izango da". Oharra baita ere Lorea Floresek, " denok, talde ekologista, gobernu eta enpresa handiek ez dugulako berdin ulertzen trantsizio ekologikoa. Guk trantsizio ekogikoa bai defendatzen dugu, baina justua izan behar du pertsonentzat eta planetarentzat. Enpresek negozio berrietarako aukera ikusten dute, energia iturri zikinetatik garbietara pasatzea, baina etekin ekonomikoak ateratzeko eredu berberarekin".
Dieselaren gaineko zerga ez ezartzeko erabakia, aukera galdutzat eman du Elisa Sainz de Murietak, " pauso txiki bat zen fiskalitate berdean aurrea egiteko baina Europako herrialde asko egiten ari denetik urrundu gara. Euskal autonomia erkidegoan, isurien ehuneko 34 garraio sektoretik dator eta horri buelta eman behar zaio". Autgintza sektorea aipatuta, Lorea Floresek uste du ez dela nahikoa ibilgailu elektrikoak sustatzea: "eredu aldaketa sakonagoa behar da, ez da nahikoa orain dugun autoa elektrikoa den beste batengatik ordezkatzea".
Herritarrei begira ere hitz egin dute. "Gutxiago kontsumitzen ikasi behar dugu eta kontsumitzeko modura bera ere aldatu behar da, energia kontsumoa murriztu eta eta efizienteagoa bilakatu. Sistema guztia aldatu behar da", Greenpeaceko ordezkariaren hitzetan. BC3ko ikerlariak ere bide beretik dio, " gizarteak ere murgildu behar du trantsizio honetan, ohartu behar dugu gure ekintzek zer nola eragina izan dezaketen".