Gizartea -
EPAIKETA
Urtebete eta zortzi hilabete pisukideari sexu-erasoa egitea egotzita, Errenterian
Gizonak "gogor" heldu zion lepotik eta ukabilkada bat eman zion bular aldean. Biktimak aurre egin zion, eta erasotzaileak "bularrak ukitu zizkion".
A. S. | EITB MEDIA
Gizon bati urtebete eta zortzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote, Errenterian (Gipuzkoa) pisukideari sexu-erasoa egitea egotzita. Etxebizitzan hirugarren pertsona batekin bizi ziren.
Kasuaren epaiaren arabera, erasoa 2019ko ekainaren 28ko 21:00ak aldera gertatu zen aipatu etxebizitzan, erasotzailea biktimarengana zuzendu zenean "bere interes lizunak asetzeko asmoz". "Sexu-iradokizunak" egin ondoren, irainka hasi zitzaion, eskumuturretik heldu zion eta "gela batera arrastaka eramaten saiatu zen".
Gizonak lepotik "gogor" heldu eta ukabilkada bat eman zion bular aldean emakumeari. Biktimak aurre egin zion, eta akusatuak "bularrak ukitu zizkion" eta gauza bera egiten saiatu zen "atzealdean" ere, emakumeak "bere logelan babestea, kisketarekin ixtea eta telefonoz laguntza eskatzea lortu zuen arte".
Gertakari horien ondorioz, emakumeak ubeldura bat izan zuen lepoaren aurrealdean, ubeldura bat eta urradura bat ezkerreko besoaren aurrealdean, eta urradura bat ezkerreko bularrean; bost egun behar izan zituen sendatzeko.
Epaiketan zehar, auzipetuak gertatutakoa aitortu, eta Fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskatutako zigorra onartu zuen; hori dela eta, urtebete eta zortzi hilabeteko kartzela-zigorra eta 120 euro ezarri dizkiote, sexu-erasoa eta lesio delitua egotzita.
Gainera, auzipetua ezingo da bost urtez biktimarengana hurbildu, 3.000 euro ordaindu beharko dizkio, eta beste bi urtez zaintzapeko askatasunean egon beharko du, behin zigorra beteta.
Hala ere, epailearen arabera, akusatuak ez du kartzela-zigorra bete beharko, baldin eta hurrengo bi urteetan berriro deliturik egiten ez badu eta emakumeari ordaindu beharreko kalte-ordaina ordaintzen badu.