Gizartea -
GABONAK 2020
Beste erkidego batera joanez gero erantzukizun-adierazpena eramateko aholkatu dute
Erantzukizun-adierazpenetan datu hauek agertu beharko dira: batetik bestera doan pertsonaren izen-abizenak, datak, norengana doan eta helmugako helbidea.
EITB Media
Jose Luis Arasti Perez Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak bi erantzukizun-adierazpen eramateko gomendatu die Gabonetan beste erkidego batera joan nahi dutenei: Foru Erkidegoan eskatzen dutena eta helmuga izango duten erkidegoan eskatzen dutena.
Erantzukizun-adierazpenetan datu hauek jaso behar dira: batetik bestera doanaren izen-abizenak, datak, norengana doan eta helmugako helbidea.
Senideekin edo hurbilekoekin biltzeko joan-etorriak abenduaren 23a eta 26a bitartean eta abenduaren 30a eta urtarrilaren 2a bitartean egin ahalko dira.
Arasti Perezen esanetan, "komeni da Foru Erkidegokoa eramatea, agenteek beren egiaztapenak egin ahal izateko, baina ez dago sobera helmugako komunitatekoa ere izatea, erantzukizun-adierazpenik egin badute behintzat".
Horrela, "arazorik ez izatea ziurtatzen da" eta polizia-talde ezberdinek beharrezko informazioa eskura izatea errazten da, horren arabera.
Gabonetarako aurreikusitako polizia-dispositiboari dagokionez, "oporraldi handietako berbera izango da", horren hitzetan. "Ez gaitu ustekabean harrapatu, are gutxiago bederatzi hilabete hauen ostean", gaineratu du. Lehen irekieraren bezperan, ez da joan-etorri gehiagorik nabaritu.