Gizartea -

Euri denboralea

Martuteeneko bizilagunak 'babesgabe' sentitu dira uholdeen ostean

Onartutako egitasmoak eta proiektuak lehenbailehen martxan jartzeko eskaera egin dute kalteak jasan dituzten bizilagunek Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin izandako bileran.

Txomin Eneako bizilagun batzuk. Argazkia: EITB
Txomin Eneako bizilagun batzuk. Argazkia: EITB
Donostiako alkatea kaltetuekin bildu da Martutenen

00:44

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea asteburuan Euskadin izan duen euri denboralearen kalteak jasan dituztenekin bildu da Martutenen. Bertako bizilagunek Urumea ibaia lehenbailehen bideratzea eskatu dute, gertatutakoa berriro pasatu ez dadin.

Bileran tentsio uneak bizitu dituzte bizilagunen artean, euren zalantzak azaltzeko joan dira bertara, baina baita kexuak adierazko ere. Ez delako lehen aldia izan, eta, tamalez, azkena izan ez litekeelako Urumea ibaiak urez gainezka egiten duena.

Izagirrek igandean burututako lanak eta Udalaren ekimena azaldu dizkie Gipuzkoan izandako uholdeen aurrean. Halaber, laguntzak jasotzeko eman beharreko pausoak zeintzuk izan behar duten esan die bizilagunei.

Bizilagunek oinarrian gauza bakarra eskatu dute: Onartutako egitasmoak eta proiektuak lehenbailehen martxan jartzea.

Txomin Eneako bizilagunak haserre, inork abisatu ez zielako uholdeak izateko arriskuaren gain

"Babesik gabe sentitu gara, inork abisatu ez zigulako, ezta lagundu ere, indarrik gabe gaude, eta hori da Juan Karlos Izagirre alkateari azalduko dioguna", esan dute bizilagunek. Donostiako alkateak Txomin Enean egon behar zenean egon behar zuela gaineratu dute, gauzak nola zeuden ikusita eta etxeak gainbegiratuta.

Edurne Burutaran Txomin Eneko Bizilagunen Elkarteko presidentearen hitzak horiek izan dira, Donostiako auzo horrek igandean izan jasandako uholdeen ostean; hainbat etxebizitza, etxabe eta garaje urak hartu zituen.

Burutaranek adierazi duenez, bihar bere elkarteko ordezkari batzuk Izagirrerekin bilduko dira, auzoa zein egoeratan dagoen azaltzeko eta Urumea Txomin Enetik pasatzen den gunean ibaia dragatzeko eskatzeko helburuarekin. Halaber, "alarma eta larrialdietako sistema" bat jartzeko ere eskatuko dute uholdeen eta euri denboraleen aurrean.

Burutaranek esan duenez, asteburuan "inork" ez zien uholdeen arriskuaren inguruan jakinaren gainean jarri eta, igande arratsaldean, etxeetan ura sartzen hasi zenean, bizilagunek sartu behar izan zuten zuzenean pertsonak salbatzera".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea