Gizartea -
Nafarroa
80 urteko emakume bat larri zauritu da Tuteran, auto batek harrapatuta
Biktima oinezkoen pasabide batetik zihoan. Gidaria, berak Poliziari azaldu dionez, eguzkiak itsutu egin du, eta horregatik ez du emakumea ikusi.
Agentziak | EITB Media
80 urteko emakume batek lesio larriak pairatu ditu astearte honetan, Tuteran, Merindadeen Etorbidean, auto batek harrapatuta.
Istripua, Udaltzaingoak jakitera eman duenez, 9:40 aldera jazo zen. Une horretan, auto bat Merindadeen Etorbidera sartu zen, Iruñeko glorietatik (Erriberriko Merindaderako noranzkoan); orduan, oinezkoen pasabidea zeharkatzen ari zen emakumea harrapatu zuen.
Biktimak, Tuterako herritarra bera, haustura irekia jasan zuen hankan, bai eta balizko barne-lesioak ere. Anbulantzia batek Reina Sofia Ospitalera eraman zuen, eta, gerora, Nafarroako Ospitalera, Iruñera.
Gidariak negatibo eman zuen alkohola eta drogak atzemateko probetan; Udaltzaingoari esan zionez, ez zuen emakumea ikusi, eguzkiak itsutu egin baitzuen. Poliziak atestatua tramitatu zuen, lesio larriak eragin dituen istripuagatik.
Bestalde, Udaltzainak beste emakume bat artatu behar izan zuen, hark San Martzial kalean erorikoa jasan baitzuen. Biktimak kolpe gogorra hartu zuen buruan, eta Reina Sofia Ospitalera eraman behar izan zuten, anbulantziaz.