Gizartea -

DONOSTIALDEKO METROA

Metroaren kostua % 62 igo da Mirakontxa-Easo tarteko arazoengatik

Proiektua 50,9 milioi euroko oinarrizko prezioarekin eta 40 hilabeteko epearekin lizitaziora aterako duela iragarri du Euskal Trenbide Sareak.

Obrak Donostialdeko metroan. Argazkia: EFE
Obrak Donostialdeko metroan.
Obrak Donostialdeko metroan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostialdeko Metroaren Mirakontxa-Easo zatia berriz lizitatuko da gaur, asteazkenez, gune horretan arazo teknikoak sortu eta gero. Horrek obraren kostua % 62 igotzea ekar lezake.

Euskal Trenbide Sareak iragarri duenez, proiektua 50,9 milioi euroko oinarrizko prezioarekin eta 40 hilabeteko epearekin aterako da eskaintzara. Gainera, jatorrizko proiektuan jasotako obrak amaituko dira; izan ere, Zubieta kalean bi zulo agertu ondoren, amaitu gabe daude.

Eremu horretako arazoek eragin zuten 53,2 milioi euroren truke esleitu zen kontratua desegitea.

Jatorrizko kontratuan eta onartutako aldaketetan oinarritutako obrak 31,8 milioi eurotan balioetsi dira; eta kontratak egiten jarraituko dituen lanak, 3,4 milioi eurotan. Guztira, beraz, 35,3 milioi euro. Kopuru hori lizitazio berriaren oinarrizko prezioari gehituta, 86,2 milioi dira. Dena kontuan hartuta, obraren aurreikusitako kostua % 62 igotzen da, gutxi gorabehera.

Iñaki Arriola Garraio sailburuak urrian aurreratu zuenez, tarte horren esleipenaren prezioa % 50 inguruko igoera izango zuen, % 70era iristeko aukerarekin.

ETSk azaldu duenez, proiektu berriak barne hartzen du Kontxako hondartzaren eta Easo plazaren arteko lineako 400 metro inguruko tunel bat induskatzea, baita etorkizuneko Erdialdeko eta Kontxako geltokiaren kobazuloa ere, sarbide eta aireztapenekin, eta eragindako zerbitzuen zati bat berriz jartzea ere.

ETSk kontratu berria maiatzean esleituko dela aurreikusten du. Halere, bitartean lanean jarraituko dute hondeatutako tunelaren egitura hormigoiz estaltzeko, zorupea sendotzeko eta aztertzeko  (gerta daitezkeen gorabeherak saihesteko) eta ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa aldatzen duten gainazaleko obrak egiteko.

Lehen kontratuaren deuseztapena

ETSren arabera, lehen kontratua deuseztatzeko arrazoiak bi izan dira. Lehenengoa, Morlanseko arrapalatik doan aurrealdeko eraikuntza-aurrerapenean detektatutako harri iragazkorra da. Lurra iragazgaiztea beharrezkotzat jo zen, tunelaren gakoaren gaineko tratamendu espezifiko baten bidez, haren erresistentzia hobetzeko. Bigarrena, Zubietan gertatu zen zuloa da, ur askoko eta uste baino harri porotsuagoen lursaila zelako. Horrek behartuta, fasekako tratamendu, finkatze eta betetze prozesua egin zuten.

Bi kasuetan, oso teknika motelak dira eta kostua kontratuen legeak baimendutakoa baino handiagoa zenez, lizitazio berria egiteko erabakia hartu zen.

Zarautz

Bestalde, Euskal Trenbide Sareak iragarri du kontratazio mahaiak Zarauzko geltoki berria ere esleituko duela, 32 hilabeteko epean eta 13 milioiko aurrekontuarekin, ETSk ( % 66,7) eta Udalak ( % 33,3) finantzatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Donostia Topoa Garraio publikoa