Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia asteburuan EAEn, haizeteak direla eta
Herrizaingo Sailak 80 eta 100 km/h arteko haizeak espero ditu larunbat eguerditik aurrera.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak abisu horia ezarriko du asteburu honetan, haizeteak direla eta.
Alerta larunbat eguerdian hasiko da, ordurako 100 km/h-tik gorako haizeak espero dira mendialdeetan eta aterpe gabeko lekuetan, eta 80 km/h-tik gorakoak gainerako tokietan.
Igandean eguerdian amaituko da alerta.
Euskalmet euskal meteorología agentziaren arabera, larunbatean, eguna erdi mailako hodei eta goi-hodeiekin joango da, baina eguzkia ere ikusiko dugu. Hegoaldeko haizearekin jarraituko dugu, eta tenperatura kostaldean 22-23 ºC-ra igoko da, eta 17-19 ºC-ra barnealdean. Arratsaldean, hegoaldeko haizeak indarra hartuko du.
Igandean, eguraldiak okerrera egingo du. Goizean zeruan erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ikusiko ditugu baina giroa nahiko ona izango da. Egunaren bigarren partean aldiz, hodeiak ugaritu egingo dira eta azken orduetan hegoaldean euri apur bat egin dezake. Hegoaldeko haizeak zakar joko du, eta giroa epel mantenduko du oraindik, hala ere, maximoak gradu pare bat jaitsiko dira, barnealdean bereziki.