Gizartea -
Motrilen, Granadan
Guardia zibil bat larri zauritu du gidari batek muturrekoa jota
Erasoaren ondorioz, guardia zibila atzeraka erori zen eta buruan kolpea hartu zuen. Kolpe horrek garezurra hautsi eta barrualdeko hemorragia eragin zion, baita konortea galtzea ere.
Erredakzioa
Trafiko saileko guardia zibil bat larri dago ostiralean, Granadako Motril herrian, gidari baten muturrekoa jasotzearen ondorioz. Agenteak erasotzailearen autoa geldiarazi zuen gidariari argiekin arazo bat zuela esateko. Guardia zibilak Granadako Traumatologia Ospitalean jarraitzen du, larri.
Ustezko erasotzailea ostiralean atxilotu eta epailearen esku utzi zuten agenteari lesio larriak egitea egotzita, ikerketako iturriek Europa Press albiste agentziari adierazitakoaren arabera. Atxilotuak muturrekoa eman zion agenteari, N-340 errepideko ohiko kontrol batean, guardia zibilak autoaren argi bat hondatuta zuela abisatzera zihoanean.
Erasoaren ondorioz, guardia zibila atzeraka erori zen eta buruan kolpea hartu zuen. Kolpe horrek garezurra hautsi eta barrualdeko hemorragia eragin zion, baita konortea galtzea ere.
Kontrolean zegoen beste guardia zibilari ere mehatxuak egin zizkion autoko gidariak bere lagunari laguntzera joan zenean. Zerbitzuz kanpo zegoen beste agente batek ustezko erasotzailea atxilotzen lagundu zuen.