Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia astelehenera arte EAEn, haizeteengatik
Herrizaingo Sailak 80-100 km/h arteko haizeak espero ditu. Atzo 100 km orduko haizeteak izatera iritsi ziren Jazkibelen, besteak beste.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak abisu horia ezarri zuen larunbatean eta astelehen eguerdira arte luzatu du, haizeteak direla eta. Jaizkibelen 100 km orduko haize boladak izatera heldu ziren atzo, nahiz eta nabarmenenak Aoizen eman, 113,5 kilometro ordura iritsita.
Alerta larunbat eguerdian hasi zen, ordurako 100 km/h-tik gorako haizeak espero zirelako mendialdeetan eta aterpe gabeko lekuetan, eta 80 km/h-tik gorakoak gainerako tokietan. Asteleheneko eguerdian desaktibatuko dute.
Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera, gaur, igandea, egun osoan zerua hodeitsu egongo da eta hegoaldeko haizea zakar ibiliko da, batez ere kostaldean eta mendi gailurretan. Eguna aurrera joan ahala euria egiteko aukera handitzen joango da eta gauean barnealdean euri apur bat egin dezake. Tenperatura maximoak, atzokoekin alderatuta, 1 edo 2 ºC baxuagoak izango dira.
Astelehenean, hegoaldeko haize indartsuarekin jarraituko dugu, baina egunaren lehenengo zatian besterik ez: arratsaldean eta gauean, frontea pasa eta gero, haizea nabarmen baretuko da. Egun osoan hodei ugari izango dugu, eta euria egingo du, batez ere arratsaldean eta gauean. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira; kostaldean 20 ºC ingurukoak eta barnealdean 15-18 ºC artekoak izango dira.