Gizartea -
Droga-trafikoa
51 kilo kokaina aurkitu dituzte surf tauletan ezkutatuta, Bilbon
Hiru italiar atxilotu dituzte droga-trafikoa leporatuta. Txiletik iritsi ziren taulak eta atxilotuek zioten surfean aritu zirela Hegoamerikan.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak 51 kilo kokaina aurkitu zituen iragan astelehenean Bilboko aduanan surf tauletan ezkutatuta. Operazioan hiru italiar atxilotu zituzten.
'Tablon' izeneko operazioa Alemaniako agintariekin batera koordinatu dute, Txiletik surf taula susmagarriak bidaltzen ari zirela ikusita. Droga-trafikatzaileek surflari itxurak zituzten eta Txilen kirola egin ondoren taulak paketeria enpresa baten bitartez Bilbora bidali zituztela esan zuten.
Baina Poliziak taulak ikuskatu zituen goitik behera eta purutasun handiko kokaina atzeman zuen. Orduan, taulen gaineko zaintza berezia jarri zuten eta hiru pertsona atxilotu zituzten horiek jasotzera zihoazenean.
Ikerketak irekita jarraitzen du eta ez dute baztertzen atxiloketa gehiago izatea.