Gizartea -

KORONABIRUSA

139 positibo berri Nafarroan, aurreko egunean baino 16 gutxiago

Nolanahi dela, jai egun batean azken bost asteetan izandako positibo kopuru handiena da atzokoa. Positiboen tasa % 6,6an dago.

Erizain bat Iruñeko Mendillorri auzoan PCR proba bat egiten. Artxiboko argazkia: EFE
Erizain bat Iruñeko Mendillorri auzoan PCR proba bat egiten
Erizain bat Iruñeko Mendillorri auzoan PCR proba bat egiten. Artxiboko argazkia: EFE

L.Z. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehun kutsatzeen langatik ezin jaitsita dabil Nafarroa azken egunetan, nahiz eta ostegun honetako datuak aurreko egunekoak baino zertxobait hobeak izan. Hain zuzen ere, 139 positibo berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, Nafarroako Gobernuak eman dituen behin-behineko datuen arabera. Positiboen tasak ere behera egin du, % 8,3tik % 6,6ra. Guztira, 2.103 proba egin dituzte.

Atzo, berriz, 155 positibo zenbatu zituzten, eta covid-19ak jota hildako emakume baten heriotzaren berri ere eman zuten. Guztira, 1.861 proba egin zituzten (1.185 PCR eta 676 antigeno test).

Tutera ekialdea eta Murchante izan ziren atzokoan datu kaskarrenak izan zituzten udalerriak. Lehenak 9 positibo berri atzeman zituen; bigarrenak, berriz, 8.

Pertsona bat hil da azken orduetan, covid-19ak jota

Nafarroan 75 urteko gizon bat hil zen atzo, covid-19ak jota, Osasun Publikoaren Institutuak emandako datuen arabera. Bestalde, zazpi pertsona ospitaleratu zituzten gaitz horrekin lotuta, horietako bat ZIUn.

Zonaldeka, Iruñerrian pilatu dira kasu positiboen % 61, Tutera eta inguruetan % 22 eta Lizarran % 7. Gainerako positiboak (% 10) Nafarroa osoan banatuta daude.

Positibo berrien batezbesteko adina 40,2an dago gaur-gaurkoz, eta generoari dagokionez, % 53 emakumezkoak dira eta % 47 gizonezkoak.

Ospitaletako balantzea hauxe da: 124 pertsona daude ospitalean covid-19arekin (atzo baino bi gehiago). Horietatik 15 ZIUn daude (atzo baino bi gutxiago), eta beste 19 lagunek etxean jasotzen dute arreta. Gainerako gaixoak logela arruntetan daude (atzo baino sei gehiago).

Txertaketa kanpainaren datuak ere eman dituzte. 2.957 pertsonak jarri dute txertoa dagoeneko. Jai eguna izan arren, 252 dosi jarri zituzten atzo Nafarroan.

Bestalde, Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak covid-19aren aldaera britainiar berriaren hiru kasu positibo atzeman ditu; horietako batek ospitaleetan arreta medikoa behar izan du, baina alta eman diote dagoeneko, eta beste biak hobera egin dute.

Baheketa masiboa egingo dute gaur eta bihar Erriberrin

Nafarroako Gobernuaren Osasun departamentuak baheketa masiboa egingo du gaur eta bihar Erriberrin, azken egunetan koronabirusaren eraginak nabarmen gora egin duela antzeman ostean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea