Gizartea -
24 orduko lanuztea
Nervaceroko langileak greban, lankide baten heriotza dela eta
Langileen % 100ek babestu dute greba deialdia. Enpresa batzordea autopsiaren zain dago, behargina lan istripu baten ondorioz, edota enpresak azaldu bezala, arrazoi naturalengatik hil zen jakiteko.
Erredakzioa
Nervacero lantegiko langile guztiek, atzo arratsaldeko 16:00etan lankide baten heriotza dela eta deitutako 24 orduko lanuztearekin bat egin dute. Azpikontratatutako Montajes Eissen enpresarako egiten zuen lan hildako beharginak eta antza denez, bihotzeko batek emanda hil zen.
Nervacero enpresak zuzenean kontratatutako langileak 406 dira, 20 bat, berriz, azpikontratatuta daude. Enpresa Batzordeko presidenteak jakinarazi duenez, langile horiek guztiek hartu dute parte lankidearen heriotza dela eta deitutako lanuztean, eta "azpikontratatutako jendearen lan baldintza eskasak eta prekarietatea salatu nahi dituzte".
Enpresa batzordea autopsiaren emaitzen zain dago, enpresak ziurtatzen duen bezala langilea "arrazoi naturalengatik" edota lanean ari zen tokian zegoen tenperatura altuen ondorioz hil zen jakiteko.
Azaldu dutenez, hildako langilea lanean ari zen tokian tenperatura oso altua da eta hezetasun asko dago, hori dela eta "behargin baten ezin du 20 minutu baino gehiago egin bertan eta txandak egiten dira".
Arratsaldeko 15:30etatik 15:45era 15 minutuko elkarretaratze ixila egingo dute langileek.